Kirola eta politika uztartu dituzte aiaraldear batzuek Oroko haitzetan. Zuia eskualdean dago kokatua eskalada eremu hori eta Aiaraldeko kirolariek bide berria ireki dute bertan, euskal preso politikoen aldeko aldarria zabaltzeko.
Bide berriak 55 metroko luzera eta V+ zailtasuna du. Hiru saio behar izan zituzten ekimena gauzatzeko. "Lerro berriak sabai handiaren eskumaldera dagoen ezproi nabarmenetik egiten du gora", azaldu dute, “kirol eskalada eremu bateko bide klasikotzat jo daiteke, zailtasun apalaz gain, hegi logikoa jarraitu eta gailurreriak jo egiten duelako, Oroko lerro gehienek ez bezala”.
Ezaugarri horrek bidearen izena borobiltzeko parada eman die: Izan bidea... tontorreraino. “Ekarpena egin nahi genien euskal presoak etxeratzearen aldeko ekimenei”.
Aipatu dutenez, bidea paraboltez hornituta dago eta eskalatzeko zinta-espresak besterik ez dira behar, "bi soka-luzeetan egiteko aukera egonik". Jaitsiera, aldiz, rapelekin zein oinez egin daiteke.
