Laudioko lantegiaren aurrean elkartuko dira gaur 12:00etan Tubacex taldeko grebalariak

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 6a, 08:16

Tubacex enpresako langileak irailaren 17ko mobilizazioan. / Aiaraldea.eus

24 orduko lanuztea abiatu dute gaur Tubacex taldeko langileek eta 12:00etan kontzentrazioa egingo dute Laudioko lantegiaren aurrean.

Asteek aurrera egin ahala, ez dirudi Tubacex taldeko zuzendaritzaren eta langileen arteko akordiorik mahai gainean dagoenik. Horregatik, Langile Batzordeak greba deitu du gaurko, bigarren aldiz enpresak 150 behargin kaleratzeko asmoa plazaratu zuenetik.

Gaurko deialdiaren unerik garrantzitsuena 12:00etan izango da. Sindikatuek elkarretaratzea deitu dute Laudioko lantegiaren aurrean, bertan baititu bulegoak Tubacexek. "Erakutsi nahi diogu zuzendaritzari langileak gurekin daudela", azaldu dute sindikatuek.

Gaurkoa ez da lehenengo mobilizazio eguna. Izan ere, irailaren 17an lanuztea eta protesta jendetsua antolatu zuten; Amurriotik Laudiora jo zuten beharginek eta gero manifestazioa egin zuten.

Uztailean iragarri zuen Tubacex taldeko zuzendaritzak kaleratzeak egongo zirela enpresan eta handik gutxira aipatu zuen Aiaraldean 150 behargin botako zituela. Geroztik, hainbat aldiz batu dira langile batzordearekin, baina ez da adostasunik lortu bi aldeen artean.

Berez, langile erakundeek leporatu diete enpresako arduradunei COVID-19aren krisialdia baliatzea beharginei hainbat eskubide kentzeko eta prekarietatea handitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide