Zergatik kentzen ditu Renfek trenak gero eta gehiago?

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 7a, 09:45

Azken orduko aldaketak daude tren zerbitzuan. / Aiaraldea.eus

Azken hilabeteetan gero eta arruntagoa bilakatu da Renfek zenbait zerbitzu bertan behera uztea egunero. Abandoko Aldiriko ordezkaritzatik azaldu dute arrazoi anitzak daudela horren atzean, baina, bereziki, tren gidariak falta direla adierazi dute.

Egoera errepikakorra bilakatu da Aiaraldeko Renfeko zerbitzuaren erabiltzaileentzat geltokira joatea eta trenik ez egotea. Askotan eskuz egindako kartelek adierazten dute zerbitzu hori eten dela. Beste batzuetan, Twitter bidez aurreratzen dute eta maiz ez dago horri buruzko informaziorik:

Aiaraldea Hedabidea Bilboko Aldirikoen ordezkaritzarekin jarri da harremanetan jakiteko zergatik gertatzen den hori eta Renfeko arduradunek hainbat arrazoi argudiatu dituzte gabezia horiek justifikatzeko.

Tren gidaririk ez

Arrazoi nagusia, antza, tren gidarien falta da. Renfek lan deialdi publikoa abiatu du, baina 48 gidari besterik ez dute kontratatuko estatu espainiar osoan. "Gainera, gehienak Kataluniara bideratuko dituzte", argitu dute.

Bilboko ordezkariek azpimarratu dute eurek presioa egiten dutela langileak eskuratzeko, baina hori Sustapen Ministerioaren esku dagoela: "Ministerioak erabaki behar du non inbertitu, eta COVID-19aren garaian badirudi murrizketak gertatzen ari direla. Egoera berean daude Andaluzian, Kantabrian edo Santanderren".

COVID-19aren eragina

Gidari eskasia horri gehitu behar zaio koronabirusak bajak areagotu dituela. "Nahiz eta oraindik positiborik ez duten eman, gidari askok izan dute harremana COVID-19ak kutsatutako ezagunekin. Horrek esan nahi du zenbait eguneko baja, batzuetan hamabikoa, hartu behar izan dutela PCR proba egin arte".

Gainera, langileek oporrak ere hartu dituzte eta ez dute hutsune guztiak betetzeko aukerarik izan. Azkenik, Renfeko arduradunek aipatu dute mantenua egokia izan arren, matxurak ere gertatzen direla: "Aldagai horien guztien batura dago trenak kentzearen atzean". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide