ERREPORTAJEA

Aiaraldeko “erronka bertikalak”, lasterkarien pizgarri

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urr. 9a, 07:00

Urduñan ohiko mendi maratoiaren ordez antolatu dute “Txolope bertikala” proba. / Aiaraldea.eus

“Txolope bertikala” antolatu dute Urduñan azaroaren 17rako. Laudion, berriz, Goikoganera igoera sustatu du Mugagabe Trailaren antolakuntzak. Pandemiak txapelketak baldintzatu dituen garaiotan, eskualdeko kirol ekimenek ez dute etenik.

Sendo hasi da kirol denboraldia Aiaraldean. Ohiko txapelketak bertan behera utzi behar izan dira koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz. Alabaina, kirolariek ez dute atzera egin, eta eskualdeko eragileei esker ekimen bereziak aurkeztu dituzte datozen asteetarako.

Laudioko zita

Laudioko Mugagabe Traila, esaterako, martxoan jokatu ohi da. COVID-19ak lehiaketa alboratzera derrigortu zituen antolatzaileak, baina bailaran dagoen zaletasuna jarraiki, bestelako erronka bat plazaratzera animatu dira: "Goikogane bertikala".

Lau kilometro eta 550 metroko desnibelak ezaugarritzen du proba, eta urriak 11 arte izango dute interesdunek gauzatzeko aukera. Izan ere, irailaren 12an hasita, hilabeteko epea jarri zuen taldeak erronka burutu nahi duenaren gozamenerako. Funtsean, Laudioko Herriko plazatik Goikoganera joan-etorria egitean datza, eta denbora marka golden83@hotmail.com helbidera bidali behar da. Horretarako Strava, Garmin edo antzerako aplikazioa erabili behar dute korrikalariek. 

Sare sozialen bitartez eman zuten dinamikaren berri, eta asko dira dagoeneko igoera osatu dutenak. Emakume zein gizonezkoen modalitateetan, sailkapen orokorra ere sareratu dute. "Lasterketen faltan, gozatzeko pizgarriak sortu nahi ditugu", azpimarratu dute Mugagabe Trail Taldekoek. Umorez luzatu dute, baina, mezua:" Ez egin tranparik, ez du balio motorrez igotzeak". 

Oraingoan, beraz, ez da lehiaketarik izango. Dena den, kategoria bakoitzeko lehenbiziko bost onenek detaileren bat jasoko dute, antolatzaileen hitzetan. Sailkapen orokorra Strava programan ikusi daiteke.

Goikoganera igotzeko deialdia egin dute Mugagabe Trailaren antolakuntzako kideek. Urduñan, aldiz, “Txolope bertikala” proba egingo dute

Txolope bertikala

Urduñan, berriz, mendi maratoia eta lasterketa antolatu izan dituzte udazkenean. Osasun egoera aztertuta, baina, bestelako erronka bat luzatu diete herritarrei: Txolope Bertikala.  Azaroaren 17an izango da lasterketa, eta 4.2 kilometroko distantzian 710 metroko desnibela gainditu beharko dute korrikalariek. 

Sare sozialetan zabaldu dute jardueraren berri. "Gaur egungo egoera dela eta, 2020ko lasterketa berezia izango da. Espero dugu zuen gustukoa izatea", adierazi zuten lehenbizikoz irailaren 14an. 

Sei egun eskasetan sekulako arrakasta lortu du norgehiagokak. "Harriturik gaude Txolope bertikalak izandako harreragatik, izen-emateak etengabe igotzen ari dira". 200 dortsal soilik egongo dira eskura, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

Aurrez plazak betetzen ez badira, azaroaren 5era arte egongo da apuntatzeko aukera kirolprobak.com atarian. Eguerdian izango da erronka, 15:30ean, hain zuzen. Antiguako paseoa izango da irteera eta helmuga gunea, eta kronometro bidez neurtuko dituzte denborak. 15€ balio dituzte dortsalek.

Erronka gehiago

Azaroa bitarte, baina, aipatutakoak ez dira izango erronka bakarrak. Mendiko Lagunak taldeak aurreratu duenez, azaroaren 1ean egingo dute Gorobel mendi ibilaldia. "Udazkenik ez Gorobel mendi ibilaldirik gabe", erantsi dute leloan. 

Aiaraldeko mendietan, beraz, ez dirudi mendizaleek aurtengo negua lozorroan igaroko dutenik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide