Kantauriko Urkidetzaren arabera, 4 urte barru Markixana eta Basaurbeko araztegiak lanean egongo dira eta obrak estatuak finantzatuko baditu ere, gero kudeaketa udalerrien esku geratuko da autonomia osoz.
Hori dela medio, Aiaraldeko partzuergoa akordio zabala lortzen saiatzen ari da, etorkizunean ura arazteko kostua eta horretarako herritarrek ordaindu beharko duten tasa zehazteko.
Uraren kudeaketa eredu jasangarria eta eraginkorra da azken helburua eta, testuinguru horretan, Urbiderekin bat egitea aztertzen ari dira; hau da, Arabako Foru Aldundiak lurraldearen ur zikloaren kudeaketa integralerako bultzatu duen Ur Partzuergoarekin.
Zehazki, irailaren 8an eta 22an batu ziren Amurrion Artziniega, Amurrio, Aiara eta Laudioko udal arduradunak, administrazio batzarretako ordezkariak eta Josean Galera Ingurumen sailburua.