"Aiaraldeko Trail Liga herrikoia" sortu dute Berbalagunek, euskara gailurrera eramateko

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urr. 13a, 14:51

Mugagabe Trailek eta Berbalagunek antolatu dute ligaxka. / Urtzi Garai

"Aiaraldeko Trail Liga herrikoia" sortu dute Berbalagunek eta Mugagabe Trailak elkarlanean. 4 proba izango ditu zirkuituak, sasoian egonda "erraz" egitekoak. 607 673 744 telefono zenbakian eman behar da izena.

"Berbalagun egitasmoak eta Mugagabe mendi lasterketako antolakuntzak Aiaraldear liga sortzea erabaki dugu, Covidak eragindako lasterketa gabeziari aurre egiteko. Baldintza bakarra dago, euskaraz egitea". Hala adierazi dute Aiaraldeko Berbalagunen blogean, zein euren sare sozialetan. 

Lau proba izango dira ligaren mugarri, eta denbora tarte "zabala" emango dute horiek osatzeko. Eskualdeko herrietan barrena gauzatuko dute ekimena: Laudion, Okondon eta Urduñan. Horrez gain, orientazio lasterketa batekin emango diote amaiera ekimenari.

Parte hartzea doakoa izango da, baina urriaren 16a baino lehen egin beharko da izen-ematea, 607 673 744  zenbakian, "zuen izen-abizenak, NAN zenbakia eta jaiotze-data bidali behar dituzue eta parte hartu nahi duzuela aipatu, euskara hutsean".

Lau probako liga

Urriaren 19tik azaroaren 1era izango da lehen proba egiteko garaia. 10 kilometroko traila osatu beharko dute lasterkariek Laudion. Horretarako tracka bidaliko diete telefonoz, "izen-ematearekin batera".

Zirkuituko bigarren egitekoa, Okondoko erronka bertikala izango da, eta azaroaren 2tik 15era bukatu beharko da. Hirugarrenik, Urduñako jaitsiera lasterketa prestatuko dute, "azaroaren 16tik 29ra".

Azken froga, aldiz, orientazioa izango da: "Mapa eta iparrorratza lagun abenduaren 13an egingo dugu, oso erraza izango da".

Korrikalariek whatsappez bidali beharko dute froga bakoitzaren tracka eta denbora marka, GPX dokumentu bidez. "Bidaltzeko azken eguna hurrengo probaren lehenengo eguna izango da. Lehenengo tracka bidaltzeko azaroaren 2a, adibidez". Horrela osatuko dute sailkapena. Alabaina, etapa guztien denborak batuko dituzte rankingerako, baina ez du azkarrenak irabaziko.

Saridunak bai, irabazlerik ez

"Ez duzue zertan denetan parte hartu. Hala ere, froga batean parte hartu ezean, lasterketa horren lehen sailkatuaren denboraren hirukoitzarekin “zigortuak” izango zarete", zehaztu dute antolatzaileek.

Berbalagunek eta Mugagabe Trailek antolatu dute liga, baina ez da azkarrena sarituko: "Sailkapena egon arren ez da azkarrenei sari berezirik emango, partaide guztien artean hainbat sari zozketatu egingo ditugu".

Ekimen herrikoia izanik, denek osatzeko moduko zirkuitua aukeratu dute. "Lasterketa arrunta ez denez, ez dira ikuskariak egongo. Horregatik ezin dugu derrigortu materiala eramatera baina bai gomendatzen dugu hurrengoa eramatea: zira edo euritarako kapa, tapaki termikoa, bastoiak, ura eta jana".

Antolakuntza "formalik" ez dagoela-eta, bakoitzaren ardura izango da segurtasuna. Hortaz, segurtasun neurriak hartzea aholkatu dute, "bakarrik egin daiteke baina taldeka egitekotan musukoaren erabilera eta eskuen desinfekzioa egitea gomendatzen dizuegu, baita mendian federatua egotea ere, baina zuen eskutan uzten dugu hori. Bakoitzak bere arriskuak onartzen idtu, eta erantzukizuna du".

Euskarak, beraz, kirolaren bidez gailurrera iristeko modu berriak izango ditu udazken honetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide