TURISMOA

Upategiak “berrasmatu” egin beharko direla uste du Aiarako Kuadrillak

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 15a, 09:00

Bisita antzeztuekin jarraitzeko asmoa du tokiko erakundeak. / Aiarako Kuadrilla

Turismo bulegoei eta kuadrillaren egoitza berriari buruz ere hainbat adierazpen egin zituen Encina Castresanak atzoko ekitaldian. 

Eskualdea promozionatzeko antolatutako argazki lehiaketaren sari banaketa egin zuen atzo Aiarako Kuadrillak. Tokiko erakundeko arduradunek esku artean dituzten beste proiektu batzuen inguruko informazioa zabaldu zuten bertan, kazetariek eginiko galderei erantzunez. 

Aurten egingo dituzten zenbait ekimen aurreratu zituen Encina Castresanak. “Bisita antzeztuekin jarraitu nahi dugu, Artziniegan batez ere”, azaldu zuen Kuadrillako presidenteak. Horrez gain, dastaketak egiteko asmoa dute, “tokiko produktuak promozionatzeko”. 

Upategiei dagokionez, “berrasmatu” egin beharko direla uste du Castresanak. Udako bisitak jaitsi egin direla aitortu dute kuadrillako kideek, azkenaldian “apur bat berreskuratu” diren arren. “Txakolindegietara bisitak antolatzen gabiltza astero”.

“Txakoli Ibilbidea seinaleztatuko genuen, Foru Aldundiaren diru partida baliatuta, baina diru-laguntza hori bertan behera geratu da, COVID-19a dela eta”. Hala ere, 25 GPS ibilbide osatu dituzte, kuadrillaren webgunean kontsultatu daitezkeenak. 

Turismo bulegoen inguruan galdetuta, Kexaan proiektu bat garatu daitekeela aurratu zuten kuadrillako kideek

Turismo bulegoak: Proiektu berria Kexaan?

Turismo bulegoen inguruan galdetuta, Kuadrillako kideek azaldu zuten azpiegitura horiek udalek kudeatzen dituztela. “Aiarako Kuadrilla laguntzera mugatzen da”.

Hala ere, Kexaan proiektu bat garatu daitekeela aurreratu zuten, informazio gehiago eman ez zuten arren. “Bertako monumentu multzoa da eskualdeko gune turistiko garrantzitsuenetako bat”. 

Kuadrillaren egoitza berria

Kuadrillaren egoitza berriaz galdetuta, Castresanak jakinarazi du proiektuan lanean jarraitzen dutela, baina udalerrietako alkateek izango dutela eraikinaren kokalekua adosteko ardura.

Dena den, agintarien artean “adostasuna” dagoela uste du lehendakariak: “Aiaran kokatzea gustatuko litzaiguke, baina kokaleku zehatza da finkatu behar dena”. 

Hala ere, egitasmo hori “2021 edo 2022 urteetara” atzeratuko dela uste du Castresanak, COVID-19aren pandemiagatik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide