Beldur Barik lehiaketaren edizio berriak 2.400 euro banatuko ditu sarietan

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 15a, 12:20
Atzoko aurkezpenaren eskualdeko hainbat ordezkari politikok hartu zuten parte. / Aiaraldea.eus

Atzo aurkeztu zuten eskualdeko hainbat alkatek eta zinegotzik emakumeen ahalduntzea islatzea helburu duen lehiaketa. Hainbat kategoria egongo dira bideoak aurkezteko, adinen araberakoak.

Atzo Orozkoko udalbatza aretoak hartu zuen Beldur Barik lehiaketaren 11. edizioaren aurkezpena. Eskualdeko izaera duenez, Aiaraldeko hainbat alkatek eta zinegotzik babestu zuten ekimena.

Pedromari Intxaurraga Orozkoko alkateak eta Idoia Camacho zinegotziak azaldu zituzten egitasmoaren aurtengo nondik norakoak. Beti bezala, emakumeen ahalduntzea islatzea da xedea, indarkeria matxistaren zein berdintasuna urratzen duten egoeren aurrean. Genero aniztasuna eta gizonezko autokrikitikoen jarrerak ere aintzat hartuko dira.

Horretarako bideoa sortu beharko da eta youtube edo vimeo plataformetan argitaratu, norberak gogoko duen eredua baliatuta: bideoklipak, olerkiak, film laburrak, flashmob, lipdub... Edonola ere, guztiek izan beharko dituzte azpitituluak, jende orok ulertu dezan edukia.

3 kategoria

Adinen arabera banatuko dituzte kategoriak:

  1. Kategoria: 2007an eta 2008an jaiotakoena.
  2. Kategoria: 2002. eta 2006. urteen artean jaiotakoena.
  3. Kategoria: 1994 eta 2001 urteen artean jaiotakoena.

Adinez nagusiak ez direnek tutore edo gurasoen baimenak aurkeztu beharko dituzte eta norbanako zein talde bakoitzak 3 proiektu sor ditzake, gehienez.

Lanak erregistratzeko azken eguna azaroaren 5a izango da eta horretarako www.beldurbarik.eus webgunera jo beharko dute parte-hartzaileek.

Sariak

Guztira, 2.400 euroko sariak banatuko ditu Aiaraldeko lehiaketak:

  • 1. kategoriako irabazlea: 400€
  • 1. kategoriako aipamen berezia: 200€
  • 2. kategoriako irabazlea: 400€
  • 2. kategoriako aipamen berezia: 200€
  • 3. kategoriako irabazlea: 400€
  • 3. kategoriako aipamen berezia: 200€
  • Ikus-entzunezko lan onena: 300€
  • Partaidetza saria: 300€

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide