Aiaraldeko Bertso Eskolak abian berriz, Faktorian

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 22a, 07:00
Basalarrinan egingo dira eskolaren lehen saioak. / Aiaraldea.eus

Urriaren 29a izango da izena emateko azken eguna, eta 30ean jaia egingo dute Faktorian, ekimena aurkezteko. 

Indarrak batu dituzte Aiaraldea Ekintzen Faktoriak eta Arabako Bertsozale Elkarteak, eta elkarlan horren fruitua aurkeztu berri dute: bertso eskolak egingo dituzte ikasturte honetan Aiaraldean. 

“Urte batzuk dira bertso-eskolen transmisioa etenda dagoela gurean, eta eskoletan lantzen den bertsolaritzaz gainera, ez dagoela bestelako aukerarik”, azaldu dute, “bertsolaritzaren bidez lantzen diren balioak, ahozkotasuna, hizkuntzarekiko maitasuna eta zaletasuna... Horiek guztiak berreskuratzea dugu xede proposamen berri honekin. Ilusio berezia dugu erronka eder honekin, bertsolaritzaren transmisioari gure eskualdean bultzada berri bat emateko”. 

8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeek hartu ahalko dute parte eskolan. Oraindik zehazteke dago asteko zein egunetan egingo dituzten saioak. “Lehen proposamena astearte edo asteazkenetan egitea da, moldagarria den arren interesa duten partaideen arabera”. Printzipioz talde bakarra egotea da asmoa, baina zabalik utzi dute gehiago egiteko aukera, baldin eta jende asko aurkezten bada.

Urriaren 29a izango da izena emateko azken eguna. Horretarako ondorengo Internet helbidean sartu beharko da: www.labur.eus/bertsofaktoria. 

Jaia urriaren 30ean

Urriaren 30ean egingo dute eskolari hasiera emateko jaia, musikarekin eta askariarekin. Laudioko Industrialdean dagoen Faktorian jarri dute zita, 19:00etan. Izan ere, bertan kokatuko dute eskola. Hala ere, gune hori obretan dagoenez, Laudioko Basalarrina euskal topagunean egingo dituzte lehen saioak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide