Gaur 09:30ean hasi da Aiaraldeko -Laudio, Amurrio, Urduña, Okondo, Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Aiara eta Artziniega- egoera sozioekonomikoa aztertu eta suspertzeko ekimena Eusko Legebiltzarrean. Aho batez babestu dute talde politiko orok eta, ondorioz, batzordea sortuko dute hori lantzeko. Adituen zein tokiko ordezkarien iritziak partekatu eta eztabaidatuko dituzte, gero neurriak adosteko.
PSE-EEk ireki du eztabaida eta Txarli Prieto legebiltzarkideak gogoratu du egitasmoa aurreko legealdian abiatu zela, baina COVID-19 birusaren ondorioz, bertan behera geratu zela. Lehenengo aldiz agertu da bere diskurtsoan Tubacex eta Tubos Reunidos enpresek bizi duten gatazka.
Alderdi guztiek babestu dute Aiaraldeko sozioekonomia suspertzeko egitasmoa
Sozialistaren ostean, Mikel Arruabarrena jeltzaleak hartu du hitza eta aipatu du eztabaida aberasgarria izango dela Aiaraldekoa, kalera eraman daitekeena. EAJko kideak adierazi du "talka plana" adostu beharko dutela alderdiek Eusko Jaurlaritzaren helburuak betetzeko. Izan ere, erakundearen helburua da indarrean dagoen legealdian langabezia %10ekoa izatea gehienez eta industria zein zerbitzu aurreratuen jarduera ekonomikoa %40ra heltzea.
Tubacex, Tubos Reunidos eta Artiach enpresen egoera aipatu dute gaur Eusko Legebiltzarrean, baita Renfe tren zerbitzuarena
Ekimenaren sustatzaileen artean EH Bilduk aurkeztu du bere jarrera azkenik eta luze mintzatu da. Unai Fernandez de Betoñok poztasunez hartu du hori izatea legealdian adostu den lehen puntua. Legebiltzarkideak azpimarratu du pandemiak ondorio are larriagoak ekarri dituela esparru sozioekonomikoan eta Aiaraldea, jadanik, EAEko langabeziaren batezbestekoaren 4 puntutik gora dagoela.
Betoñok nabarmendu du eskualdeak esku hartze anitza behar duela. Lantegien aldetik, Tubacex, Tubos Reunidos eta Artiachen kasuak zerrendatu ditu, baina gaineratu du zahartze eta etxebizitza hutsen tasa, Renfen dagoen arazoa eta tokiko ospitale baten beharra.
Elkarrekin Podemos koalizioak antzeko mezua zabaldu du Iñigo Martinez ordezkariaren bidez. Ezkerreko taldeak Legebiltzarrari eskatu dio lanak aurreratzea ahalik eta gehien eta Eusko Jaurlaritzaren lidergoa ere aldarrikatu du. Bide batez, Elkarrekin Podemosek iradoki du Europar Batasunak emango dituen diru-laguntzen zati bat Aiaraldera bideratzea, orain artean berrikusitakoaren arabera ez baita bitartekorik eskatu eskualdeari begira.
Elkarrekin Podemosek eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Europar Batasunari eskatuko den diruaren zati bat, gutxienez, eskualdearen egoera ekonomikoa hobetzeko bideratzea
PPk babesa eskaini dio ere egitasmoari, baina eszeptikoa izan da ardura banaketei dagokienez. Berez, Jose Manuel Gil Vegasek exijitu dio Eusko Jaurlaritzari zuzenean esku hartzea egoeran, batzordeak hori atzeratuko baitu.
VOX alderdiko ordezkariak ere alde egin du, azalduta ez duela oztoporik jarriko.