Zer gertatzen ari da Renfen eta ADIFen?
Esteban Montero: Jendeak ikusten du orain gure bi enpresetan trenek ez dutela funtzionatzen. Batzuek pentsatu dezakete antolaketa eredua desastrea dela, baina justu kontrakoa da; perfektua da trenbide sare publikoan pribatizazioa eragiteko.
Gertatzen ari denarekin nahi dute herritarrek pentsatzea garraio publikoak txarto funtzionatzen duela eta hobetzeko pribatizatu behar dela. Kudeatzaileak eragiten ari dira txarto funtzionatzea.
Asko harrituta egingo dira, baina horren jatorria da Estatu espainiarreko bi alderdi nagusien -PP eta PSOE- politiken ondorioa. PPk prestatu zuen trenaren sektoreko legea eta PSOEk onartu zuen. Nahiz eta Jose Luis Rodriguez Zapaterok esan zuen ez zela egokia, azkenean, ez zuen koma bat bera ere aldatu.
Lege horrek bidea irekitzen dio pribatizazioari, hau da, guztion artean daukagun zerbitzu publiko eta soziala pribatu bihurtu eta zenbait enpresari doan emateari, zerbitzua zein trenak.
Azken urteotan gertatu da igelaren esperimentuarekin bezala: igela ur beroan sartzen saiatzen bazara, ihes egingo du, baina apurka-apurka berotzen baduzu ura, ez da konturatuko egosi arte. Pribatizazio prozesua tren zerbitzu publikoan oso luzea izaten ari da eta sindikatu handienak, CCOO eta UGT, lokartu dituzte. Eurak ere parte hartzen ari dira prozesuan.
“Garraio publikoa pribatitzatzea da helburua”
Zehazki zein da C-3 linean dagoen arazoa?
E. M.: Tren gidarien eskasia dago, baina aspaldi genekien 2018 eta 2023 urteen artean gidarien %75ek erretiroa hartuko zuela. Enpresak bazekien hori, 1981ean sartutako langile horiek desagertuko zirela, orduan, zergatik ez dute neurririk hartu? Ez dute lan eskaintza publikorik egin, ezta azterketarik ere.
2018tik egon beharko lirateke ordezkoak prestatuta, eta ez daude. Hori egin izan balute, ez genukeen arazorik izango, baina muina da ez zutela egoera hau ekidin nahi. Eta langileen eskasia ez da bakarrik gertatzen gidarien artean, enpresa osoan dagoen arazoa da, ADIFen zein Renfen.
Hori konpontzeko azpikontratak eta enpresa pribatuak erabiltzen dituzte. Esaterako, lehen esaten zuten merkantzien garraioa ez zela errentagarria, ez ziren gai hori lortzeko, eta orain 10 enpresa pribatuk lan egiten dute arlo horretan. Nola izan daiteke hori posible ez badu etekinik ematen? Hori da pribatizazio adibide bat, soziala dena gutxi batzuen esku uzten dute.
Jakina, bidean galtzen den beste aldagai garrantzitsua langileen eskubideak dira, askoz soldata eta lan-baldintza okerragoak ezartzen baitira. Prekarizatzen dute urte luzeko borroken emaitza, atzera pausua da.
Fernando Diaz: Adibidez, pasa den asteko ostiralean, Bilboko 24 tren zerbitzu bertan behera utzi zituzten. Hori basakeria da, bereziki Aiaralderako. Urduñako norabidean, gainera, bi tren jarraian geratzen dira atera gabe. Horri gehitu behar zaio COVID-19ari lotutako protokolo guztiak urratzen ari direla; birusa gora doan momentu honetan distantzia soziala mantentzeko bermea eman ordez, gero eta pilatuago doa jendea trenetan. Tren bakarrean sartzen dituzte hiru trenetako bidaiariak. Ez bakarrik trenetan, geltokietan eta nasetan ere biltzen da jendetza. Nire kideak esaten duen moduan, planifikazio eza publikoa pribatu bilakatzeko saiakera da.
E. M.: Larria da, gainera, egun batean 20 tren zirkulatu gabe uztea, baina beti ordutegi ezberdinetan, tren gidari ezberdinak falta baitira. Gidariek ez dute egunero ibilbide bera egiten, txandakatzen dira geltoki guztiak ezagutzeko. Ondorioz, jendeak egun batean ikusten du tren bat falta dela eta uste du hurrengo egunean hori ez dela egongo, eta ez da horrela. Herritarrek arrazoiak dituzte haserre egoteko.
“COVID-19 birusaren kontrako protokoloa ez dira betetzen ari. Tren bakarrean sartzen ari dira bi edo hiru trenetako bidaiariak”
Zenbat gidari falta dira?
F. D.: Guztira 90 inguru izan beharko lirateke, baina 10 edo 11 falta dira, %10 baino gehiago. Ekainean hasi zen dena, gidariak erretiratzen hasi zirenean. Ez da egin aurreikuspenik eta, ondorioz, ez dira ordezkatu.
Epe motzean hau konpondu daiteke?
F. D.: Madrilgo arduradunekin abiatuko ditugu bilerak irtenbideak egokitu ditzaten. Bestela, Enpresa Batzordea prest dago mobilizazioak hasteko gidariak ekartzeko. Ez dugu onartuko, inondik inora, makinistak ez ordezkatzea eta zerbitzuak kentzea.
Oro har, lan deialdi publikoak egin baino lehen, bekadunak hartzen zituzten, baina egungo egoeran ez dute egin eta ez dakigu zergatik. Uste dugu COVID-19a erabili nahi dutela murrizketak egiteko.
Epe luzera mantendu daiteke arazoa orduan?
E. M.: Oro har, guk ez dakigu zer gertatuko den tren zerbitzuarekin Bizkaian. Horri gehitu behar zaio EAJk trenbideen gaineko eskumenak eskatzen dituela, baina ez dakigu zertarako. EAJk gogoko du Abiadura Handiko Trena, baina ez dirudi Renfeko aldiriko zerbitzua edo langileok gogoko gaituenik. Eskumenak Madrilgo Gobernutik Eusko Jaurlaritzara igarotzen badira, guk ez dakigu zer gertatuko den.
F.D.: Renfeko zerbitzua ez dago Euskotren bezain zainduta, baina Eusko Jaurlaritza ez da inplikatu inoiz hobeto joan dadin. Ez dut uste Renfeko zerbitzua axola zaionik. Adibidez, Renfera heltzen den leku batzuetara bus zerbitzua jarri da. Ez dauka zentzurik bi enpresa publiko euren artean lehiatzeak.
Distantzia luzeko bidaiei dagokienez, egoera okerragoa da. Badirudi EAJk AHTa egin dadin besterik ez duela nahi, eta bitartean Madril eta Bartzelonara joaten diren trenak bakarrik mantendu dituzte. Gainerako guztiak kendu dituzte; Alicante, Malaga, Galizia... Eta bidaiariei autobus pribatua hartzeko aukera utzi zaie bakarrik. Esandakoa, pribatizazio prozesuak nonahi.
E. M.: Bai, Galiziara zegoen tren bat eta nahiz eta bereziki modernoa ez izan, jendeak erabiltzen zuen. Koronabirusaren pandemia baliatu dute zerbitzu hori ere kentzeko. Mirandakoa ere kendu ziguten eta Madril eta Bartzelonara joaten diren zerbitzuak ere desagertzen ari dira, inork zergatia jakin gabe.
“90 tren gidari egon beharko lirateke eta orain 10 edo 11 falta dira”
Sindikatuen kexen artean dago ere azpiegituren egoera, ezta?
E. M.: Bai, instalazioetan akats ugari dago. Modernizatu behar dira. Negargarria da Abiadura Handiko Trena eraikitzeko ehunka milioi euro bideratzea eta ez egotea milioi bakarra ere azpiegiturak konpontzeko. ADIFeko langileak kaltetuko ditu pribatizazio joerak. Eurek egiten dute mantenu guztia: seinaleak, trenbideak...Harrigarria da gertatzen ari dena. ADIFek zenbait lan esleitu ditu eta enpresa pribatuei ordaindu die. Ba enpresak ardura horiek betetzera heltzen direnean, ADIFeko langileei esaten diete euren enpresako beharginak trebatu behar dituztela.
Nola da hori posible? Hori ez da inon gertatzen, enpresa batek bere lana egiten beste enpresa bati irakastea. Lan bat egiteko ordaintzen badizute, gai izan beharko zara egiteko!
Urte hauetan langile asko erretiratu direnez, bere postuak ez dituzte ordezkatzen eta azpikontratatak erabiltzen dituzte. Lanpostuak suntsitzen dituzte eta, gainera, 300 milioi euroren truke egiten zenak 600 milioi euro balioko du.
Horrez gain, tren geltokietako leihatiletan lan egiten duen behargin gero eta gutxiago dago. Makinek nola funtzionatzen duten ez dakiten bidaiariak salduta daude. Desagertzen ari dira Renfeko langileak eta daudenak azpikontratatuak dira.
F. D.: Egia da azkenaldian egon direla lan deialdi publiko batzuk eta zenbait postu bete direla, baina geltoki askotan ez dago langilerik. Horri gehitu behar zaio geltokiko komunikazioak maiz matxuratu daudela eta arazoren bat egonez gero, jendeak ez daki zer egin.
Aipatu nahi dut 446 unitateak, dauzkagun trenek, urte nahikotxo dituztela, 30 urte inguru. Trenek funtzionatzen dute langileek arreta handia jartzen dietelako, baina ordezko piezen falta dugu eta behargin gutxi daude dagoen lan kargarako. Horregatik, batzuetan, matxurak daude. Arazo handiena da ordezko piezak ez direla heltzen. Ez dakigu zergatik zehazki, baina hori islatzen da matxura kopuruan.
ADIFen lanuzteak abiatu dituzue urrian, zergatik?
E. M.: Esan bezala, langile ugari erretiratzen ari dira eta enpresak ez ditu ordezkatzen. Guk lanpostu horiek publikoak izatea nahi dugu eta zenbait eskubide bermatuta izatea, ez pribatitzatzea kanpoko enpresekin; badakigu horrek prekarizazioa ekartzen duela. Egungo langileen alde esan behar dugu oso adituak direla euren betebeharretan eta bikain ezagutzen dutela azpiegitura. Edozer matxura konpontzen dute abiadura bizian eta modu eraginkorrean. Baina falta diren langileak ez badira ordezkatzen zerbitzu hori arriskuan egongo da. Langile zaharrek berriei irakatsiko diete funtzionamendua arazo barik.
F. D.: Zentzu horretan, azpiegituraren eta tren zerbitzuaren segurtasuna guztiz bermatuta dago egungo langileei esker. Ez dago ia istripurik beharginak adituak eta profesionalak direlako.