ERREPORTAJEA

Tren zerbitzua, maldan behera?

Aitor Aspuru Saez 2020ko urr. 23a, 08:00

Pasa den astean elkarretaratzea egin zuten ADIF eta Renfeko Bilboko langileek Indalecio Prieto geltokian. / Langile Batzordea

Itxialdia amaitu bezain pronto, Renfeko zerbitzuaren erabiltzaileak arazo nabariak pairatzen hasi ziren, une batetik bestera iragarritako trenak bertan behera uzten baitituzte. Etenaldi horien arrazoiaren atzean ez dago bakarrik pandemia, baizik eta kudeaketa akats larriak.

Renfe enpresa publikoak eskaintzen duen garraio zerbitzuak funtsezko garrantzia dauka Aiaraldean. Izan ere, Bilbo eta Urduña artean dagoen biztanleria lotzen du eta egunero milaka lagunek hartzen dute ikasketak, lana, osasunari lotutako hitzorduak edo aisialdia direla medio. 

Ez dago C-3 lineak eskaintzen duena ordezkatu dezakeen zerbitzurik, ez metrorik ezta autobusik ere, eta bakarrik garraio pribatua -ekologikoki jasangaitza- baliatu daiteke Bizkaiko hiriburura edo inguruetara jotzeko.

Hala ere, argi dago pandemia garaian kale egin duela zerbitzuak. Itxialdiaren une latzenak amaitu bezain pronto nabaritu zuten bidaiariek ezberdintasuna; une batetik bestera, iragarritako trenak ez ziren agertzen geltokian, eta horren ordez, gero eta jende gehiago pilatzen zen nasetan garraioa erabiltzeko.

Hau da, hedabideek aisialdian eta jokabide arduragabeetan fokua jartzen zuten bitartean, enpresa publiko bat ez zen zentzuzko zerbitzua ematen ari eta kutsatzeko arriskua biderkatzen zuen.

Renfek azaldu du arazoaren muina gidarien falta eta COVID-19aren eragina direla. Sindikatuek, aldiz, uste dute zerbitzua pribatizatzeko nahia dagoela zerbitzua okertzearen atzean

Zer falta da?

Renfek azaldu du arazoaren muina gidarien falta eta COVID-19aren eragina direla. Hau da, gidari gutxiago dituztela eta daudenen artean bajak ere gertatzen direla, PCR probak egiteko beharra izan baitute hainbat aldiz.

Konpainiak nabarmendu du ere gatazka iturri direla langileen oporrak eta hutsune horiek betetzeko zailtasunak.

Horrez gain, enpresak gehitu du matxurak ere gertatzen direla azpiegitura eta trenetan, eta horrek ere eragina duela egunero bertan behera uzten diren ordutegietan.

Sindikatuen salaketak

Edonola ere, Renfe zein ADIFeko (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias) langile batzordeek salatu dute egungo egoera ez dela zoritxarraren ondorioa izan. Berez, entitate bien kudeatzaileek bazekiten 2018tik aurrera 1980ko hamarkadan sartu ziren behargin publiko askok -%75 inguruk- erretiroa hartu behar zutela.

Horri lehentasunez eta aurreikuspenez heldu ordez, zuzendariek ordezkapenak atzeratu dituzte.

2021era arte

Astelehenean, Bilbon, Renfeko Madrilgo zuzendari batek jakinarazi zien enpresan aritzen diren sindikatuko kideei egungo egoera hurrengo urtera arte luzatuko dela, gutxienez.

Langile ordezkari batek horrela azaldu du: “Abendura arte ez dira gidari berriak helduko, baina hilabetea beharko dute, gutxienez, lanpostu berrira egokitzeko. Ondorioz, lau hilabete gehiago iraungo du egungo egoerak. Urte erdia baino gehiago, guztira”.

Bidaiarien eta langileen arteko harremanak tenkatu dituen arazoari behin behineko irtenbideak ekarri zituen zuzendaritzak ere. Madrilgo buruzagiek bi konponbide proposatu dizkiote Abandoko gerenteari. Alde batetik, zerbitzua bertan behera uztekotan, C-1 linean egitea. Izan ere, Santurtzira joateko bidaiariek bestelako eskaintza dute; autobusak edo metroa, esaterako. Hori bai, aldi berean, aintzat hartu beharra dago Ezkerraldea dela Bilboko inguruetan dagoen eskualderik jendetsuena eta trenak gainezka jartzea dakarrela horrek.

Bestalde, udako ordutegira itzultzea iradoki dute. Hau da, maiztasun gutxiagoko zerbitzua ematea, baina egonkorragoa. 

Izan ere, bertan behera geratzen diren trenak egun batetik bestera aldatzen dira eta bidaiariek ez dute hori jakiterik, aurretik ez badute @Inforenfe twitter kontua bisitatzen behintzat. Hala ere, aipatu beharra dago udako ordutegiarekin ere zerbitzuak ez duela modu zuzenean funtzionatu ekainetik irailera arte.

Renfeko Madrilgo zuzendari batek jakinarazi zien enpresan aritzen diren sindikatuko kideei egungo egoera hurrengo urtera arte luzatuko dela, gutxienez. Gidari berriak ez dira abendura arte iritsiko, baina hilabete beharko dute, gutxienez, lanpostu berrira egokitzeko

Pribatizazioaren itzala

Renfe zein ADIFeko langileen tokiko ordezkariek ez dute uste kudeaketa txar soila dagoenik egungo anabasaren erroetan. Are gehiago, beharginen iritzia da konpainietako arduradunak “ekaitza perfektua” sortzen saiatzen ari direla garraio publikoa esku pribatuen menpe uzteko.
Euren aburuz, norabide horretan mugitzen ari da aspaldi zerbitzua, azpikontratei gero eta lan zein diru gehiago emanda. “Lanpostu publikoak suntsitzen ari dira eta, adibidez, geltokietan zerbitzua emateari utzi egin diote hainbat tokitan”, salatu dute.

Mobilizazioak

Gauzak horrela, sindikatuek ez diote uko egin protestak antolatzeari. Pasa den astean elkarretaratzea egin zuten ADIF eta Renfeko Bilboko langileek Indalecio Prieto geltokian, baina Estatu espainiarreko esparruan ere deialdiak badaude. Pasa den astetik aurrera CGTk antolatutako lanuzteek ere eragingo dute garraio publikoaren erabiltzaileek aukera gutxiago izatea C-3 linea baliatzeko.

Izan ere, CGTk salatu du ADIF enpresa kanpoko gero eta jende gehiago kontratatzen ari dela, eta langile berriek ez dutela trebakuntzarik. Antolakundearen aburuz, horrek arriskuan jartzen ditu zerbitzuaren funtzionamendua eta, bereziki, azpiegituren eta beharginen segurtasuna. CGTren hitzetan, enpresa eta langile batzordearen arteko azken bilerako aktan desagertu egin da arazo hori, eta euren kabuz antolatu behar izan dituzte lanuzteak, CCOO eta UGT barik.

Protesten ondorioz, tren ordutegia aldatuko da. Urriaren 15ean hasitako lanuzteak 2 ordukoak izaten ari dira eta ostegunean izango da azken mobilizazioa. Zehazki, hiru txandetan eragingo du: 01:00-03:00, 10:00-12:00 eta 17:00-19:00.

Hori bai, hortik aurrera protestak indartuko dituzte eta urriaren 27an eta 29an eta azaroaren 3an eta 5ean, ordea, 4 ordukoak izango dira: 11:00-15:00, 15:00-19:00 eta 23:00-03:00.

Aiarako, Urduñako, Amurrioko eta Laudioko alkateek bilera eskatu diote Renferi

Alkateen bilera

Aipatutako guztiak eskualdeko herritarrengan bistako kalteak sortu ditu eta horregatik Aiarako, Urduñako, Amurrioko eta Laudioko alkateek bilera eskatu diote Renferi, zerbitzua bere osotasunean berreskuratu dezala exijitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide