Jesus Esmorisek esandako “gezurrei” erantzun die Tubacexeko Enpresa Batzordeak

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 23a, 18:00
Jesus Esmoris (bigarrena ezkerretik hasita) Tubacexeko akziodunen batzar batean. / Jose A. Del Moral

Soldaten kostuak altuak direla, absentismo altua dagoela, fakturazioa erdira jaitsi dela... hainbat gauza adierazi ditu azken asteetan Tubacexeko kontseilari delegatuak hedabideetan, eta horiek guztiak gezurtatu dituzte langileen ordezkariek. 

Tubacexeko Enpresa Batzordeak irakurketa plazaratu du multinazionaleko kontseilari delegatuak, Jesus Esmorisek, hedabideetan eginiko hainbat adierazpenei erantzuteko. 

Soldaten kostuak

EAEn ekoiztea “Austrian, Norvegian edo Italian ekoiztea baino gehiago” balio duela adierazi du kontseilariak, Aiaraldeko lantegietako lan-kostuen batazbestekoa 74.000 eurokoa dela argudiatuta.

Datu hori nondik atera duen galdetu diote sindikatuek Esmorisi. “Ez da bidezkoa hori baino askoz gehiago kobratzen duen pertsona batek hori esatea, bere lana mespretxatu gabe. Ziurtatu dezakegu langileen batazbestekoa ez dela kopuru horretara hurbiltzen, zuzendaritza eta goi-karguak sartu ez baldin badituzte, behintzat”. 

Absentismoa

Lantegietan absentismoa handia (%10koa) dela ere aipatu du kontseilariak hedabideetan. Langileen ordezkariek azaldu dute Esmorisek datu hori puztu duela, ordu sindikalak, erabilera libreko orduak eta ordaindutako baimenak sartu dituelako.

“Absentismoa askoz baxuagoa da eta are txikiagoa izango litzateke istripu gutxiago egongo balira. Gogoratu behar dugu Esmorisek enpresa zuzentzen duenetik 4 kide ez direla lanetik etxera itzuli, baina badirudi denak balio duela gerra zikin honetan”. 

“Absentismoa askoz baxuagoa da eta are txikiagoa izango litzateke istripu gutxiago egongo balira”

Fakturazio jaitsiera

Fakturazioa ere izan du hizpide Esmorisek, %50 jaitsi dela aipatuta. “Orduan, zergatik planteatzen da %80ko erregulaziora iristen den Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espediente berri bat? Argi dugu, haserrealdi hutsa da”, erantzun du Enpresa Batzordeak, eta nabarmendu du ez dela egia eskualdeko lantegietan multinazionalaren produktuen %30a baino ez dela ekoizten. “Ez da berdina guk komertzializatzen duguna eta gure lantegietatik igarotzen dena. Tubacexen arima gara, eta bere produktu gehienen iturburua”. 

Enplegua Erregulatzeko Espedientearen mehatxua

Esmorisek eginiko mehatxuei ere erantzun diete sindikatuek. “Mehatxua etengabekoa da eta berriro errepikatzen da. Berriz aipatu nahi dugu gertatuko denaren errua ez dela komitearena izango, Eurak -zuzendaritza- dira guztiz honen erantzule bakarrak”. 

“Ez da egia eskualdeko lantegietan multinazionalaren produktuen %30a baino ez dela ekoizten”

Horrez gain, multinazionalaren gainontzeko lantegietan 400 pertsona kaleratu dituztela aipatu du Esmorisek, eta hori ere gogor kritikatu dute sindikatuek. “Batzuk loa galtzen dugu pertsona horietako askok aurrean duten egoera dramatikoagatik, eurek ez dute sentikortasun apur bat ere ez erakusten”. 

Horren guztiaren aurrean, orain arteko jarrera bera berretsi dute Enpresa Batzordeko kideek: “Prest gaude negoziatzeko, baina errespetuz eta ez inposizioz”.

Horrez gain, zuzendaritzak hainbat dokumentazio ukatu diela salatu dute. Horren aurrean, batuta egoteko eta murrizketa planteamenduen aurrean erresistitzeko deia luzatu dute langileek. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide