Langileen adostasunik gabe ezarriko du Tubacexeko zuzendaritzak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 24a, 15:09
Mobilizazio jendetsuak egin dituzte Tubacexeko langileek azken asteetan. / Aiaraldea.eus

Atzo egin zuten neurriaren nondik norakoak negoziatzeko azken bilera. Zuzendaritzak uko egin zion espedientea amaitu ostean enplegua bermatzeko konpromisoari. 

Atzo izan zen Tubacexeko Enpresa Batzordearen eta zuzendaritzaren arteko azken bilera, bigarrenak ezarri nahi duen Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria negoziatzeko. Bilera aurreko egunetakoa bezalakoa izan zen, eta ez zuten bi aldeen arteko akordiorik erdietsi. 

ELAren irakurketa

Zuzendaritzak uko egin dio sindikatuek eskatutako dokumentu gehienak aurkezteari. “Eskaerak bertan behera geratu direla egiaztatzen duten dokumentua” soilik erakutsi zuen bileran, ELAk azaldu duenez. Sindikatuak lantegien antolakuntza falta salatu zuen bilkuran: “Onargaitza da langileak enplegu espedientean egotea eta, aldi berean, eskaerak atzeratzea”. 

ELAk eginiko gainontzeko eskaerei ere ezezkoa eman die zuzendaritzak: “Ez dute enplegua bermatzen, gehienezko erregulazioa bi egun murriztu dute, eta ez dute zehaztu Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria noiz arte iraungo lukeen”. 

LABen oharra

Eginiko bilerak “lege-izapide hutsa” izan direla uste du LABek, “zuzendaritzak bete egin behar dituenak fede oneko negoziazioa egiten ari direla erakusteko”.

Orain planteatutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria aurrekoa baino “askoz oldarkorragoa” dela nabarmendu du sindikatu abertzaleak: “Badakigu bere helburu nagusia eta azkena EEE-a aurkeztea dela. Horregatik, ezinbestekoa ikusten dugu modu irmoan erantzuten jarraitzea. Ematen den aukera oro aprobetxatuko dugu gure aldarrikapenak plazaratzeko”. 

Horrez gain, 2021ko lan egutegia negoziatzeko hainbat baldintza jarri ditu LABek, ohar batean zehaztu duenez. 

Enplegua bermatzera konprometitu gabe

Langile Batzordeak “marra gorri” bat ezarri zuen bileran: enplegua bermatuko dela ziurtatzea. Zuzendaritza ez zen horretarako prest agertu, ordea. Gauzak hala, akordiorik gabe amaitu zen bilera eta, horrenbestez, akordiorik gabe ezarriko du zuzendaritzak Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide