“Kalitatezko osasun sistema baten defentsaren” aldeko aldarriarekin bat egin dute Aiaraldeko pentsiodunen mugimenduak eta eskualdeko greba batzordeak. Sindikatuek datozen asteetarako deitu dituzten protesta eta ekimenetara batzeko deia luzatu dute, eta mobilizazio propioa ere egingo dute, azaroaren 11an, 18:30ean. Elkarretaratzeak egingo ditute Laudio eta Amurrioko osasun zentroen aurrean, eta eskualdeko beste herri batzuetara ere zabaldu nahi dute deialdia. Hemendik gutxira jakinaraziko dituzte herri bakoitzeko deialdi zehatzak.
Pentsiodunek eta greba batzordeko kideek nabarmendu dute ekimenaren xedea ez dela, inondik inora, osasun langileen jarduna kritikatzea, “osasun sistemak dituen gabeziak azaleratzea” baizik. “Langile guztiei esan nahi diegu ulertzen ditugula eta haien aldarrikapenak partekatzen ditugula, eta babestu egingo ditugula datozen aste eta egunetarako deituta dauden greba-egunak eta mobilizazioak. Izan ere, euren eskariak bat datoz, euren osotasunean, gure aldarrikapenekin”.
Mobilizazioaren deitzaileek salatu dute osasun langileen egoera ez dela erraza: “lan-karga handia dute, bitarteko gutxiago, bajak ez dira estaltzen, paziente gehiagoren jarraipena egiten da, izapide asko egiten dira...”. Gauzak hala, “Eusko Jaurlaritzan eta Osakidetzan” jarri dute fokua, bi erakunde horiek inolako neurririk hartu ez dutela argudiatuta, osasun publikoak eta Aiaraldeak zehazki alor horretan dituen gabeziak arintzeko.
Sinadura bilketa
Hori dela eta, sinadura bilketa abiatu zuten pentsiodunek, eta Amurrio zein Laudioko anbulatorioetan entregatu dituzte. Orain, aldiz, ekimena zabaldu dute: “Aiaraldeko Greba Batzordearekin eta berau osatzen duten pertsona eta taldeekin elkarlanean, sinadurak biltzen jarraituko dugu, Osakidetzan programatutako mobilizazioak amaitu arte”.