Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatearen eratzeko prozesua, abian

Txabi Alvarado Bañares 2020ko urr. 31a, 08:00

Hondakinen bilketa eta kudeaketa zerbitzuaren lizitazioa egiteko sortu nahi du mankomunitatea, besteak beste.

Udaltalde 21ek egiten dituen funtzioak bere gain hartuko ditu erakunde berriak, baina beste proiektu batzuk aurrera ateratzea ere ahalbidetuko du. 

Nerbioi-Ibaizabal Mankomunitatea sortzeko prozesua abiatu dute Urduña, Orozko, Arakaldo, Arrankudiaga eta Zollo, Zeberio, Ugao, Arrigorriaga, Zaratamo eta Etxebarriko udalek.

“Joan den astelehenean, urriaren 26an, bederatzi udalerriotako alkate eta zinegotzien Asanblada Orokorra egin zen Arrigorriagako pilotalekuan, Mankomunitatearen estatutuak onartzeko xedearekin”, azaldu dute Batzordeko Idazleko kideek. Bilera horretan onartu zuten mankomunitatearen estatutuen testu proposamena, aho batez. Aiaraldeari dagokienez, Bizkaiko  4 herriak barne hartuko ditu entitateak: Urduña, Orozko, Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo.

Erakunde berria eratzearen ideia ez da ezerezetik sortu. Orain arte Udaltalde 21 merkataritza elkartea baliatu dute bederatzi udalerriek euren arteko elkarlana sustatzeko. Alabaina, mota horretako enpresa publiko baten forma juridikoak arazoak ekarri ditzake kontratu publikoak esleitzerako orduan, azaldu dutenez.  Horregatik eman dute pausoa mankomunitatea sortzeko,  hondakinen bilketa eta kudeaketa zerbitzuaren lizitazioa egin ahal izateko.

“Beranduenez ere, 2021eko martxoa baino lehen erroldatuta eta jardunean egon behar du udalerriz gaindiko tokiko erakunde berriak”, aurreratu dute, baina azpimarratu dute mankomunitatea ideia beti egon dela “zerumugan”,  Udaltalderen ibilbidearen “bilakaera natural” gisa ulertuta. 

Gauzak hala, Udaltalderen funtzioak bere gain hartuko ditu erakunde berriak, baina bestelako proiektu batzuk ere garatuko ditu, egitura berriak horretarako aukera ematen duelako. 

Orain udal bakoitzari dagokio estatutuak plenoan onartzea. Hori egin ostean osatuko dira erakundearen gobernu eta administrazio organoak. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide