Ostiralean zendu zen M. A. V. 56 urteko txakolingilea Barakaldoko ospitalean, bere negozioan pairatutako istripua dela medio. Duela astebete gertatu zen ezbeharra. Ertzaintzak azaldu zuen orduan: "Eskailera baten gainean zegoen igota langilea, eta erori ostean, kolpea jaso du buruan. Konortea galdu du, eta anbulantzian artatu dute, helikopteroan erietxera eraman duten arte".
Gaur izango da hileta Delikan bertan eta Jose Antonio Merino Arabako Txakolina elkarteko presidenteak Aiaraldea Hedabideari adierazi dio "hondamendia" izan dela M. A. V.-ren heriotza. Merinok goraipatu du langile nekaezina eta fina zela: "Azokak hoberen prestatzen zituena zen, amantalak eta apaingarriak jarrita, eta txakolina inork baino hobeto zerbitzatzen zuen. Larunbatero Gasteizko azokan zegoen".
Horrez gain, presidenteak azpimarratu du kide aktiboa zela hasieratik, Txakolingileen Elkartean zein Arabako Txakolina elkartean.