SOSLAIA

"Angelines", Delikan eta txakolinean erreferente

Maria Angeles Villate Ugarte lanean bere mahastiekin./ Aiaraldea.org

Ostiralean hil zen Maria Angeles Villate Ugarte. Bere jarduera publikoa Arzabro txakolinean zentratua bazegoen ere, Delikako Administrazio Batzarreko kide oso aktiboa zen.

Azaroaren hasieran izandako las istripu baten ondorioz hil zen Maria Angeles Villate Ugarte. Ezagunek Angelines deitzen zuten, eta guztiek azpimarratu dute hutsune izugarria utziko duela.

Alberto Albizurik betidanik ezagutu zuen, delikarra da bera ere eta. Euskara ikasten hasi ziren duela hainbat urte, "oraindik klasekideak urtero batzen gara". Horren ostean, biek izan dituzte elkarrekin ardurak Delikako Administrazio Batzarrean, eta tristura handia sortu dio haren galerak: "Angelines beti zegoen dena emateko prest, bai bere negozioan, zein herrian, etengabe. Oso langilea zen, interes propiorik gabe gainera, herriaren mesederako."

Albizurik azaldu du Delikan edozein arazo egonez gero, Angelines zegoela zerrendan lehenengo postuetan laguntza eskuratzeko: "Batzordekidea izan ez ezik, Arrastariakoak elkartean egon zen hasieratik, eta Delikako Txokoaren presidentea ere bazen. Berez, Administrazio Batzordean askotan bere gain hartzen zituen  inork nahi ez zituen ardurak: ordenagailuekin zerikusia zuen dena, eta ur kontsumoaren irakurketak, adibidez."

Herrikidearen ustez, nekez beteko da Angelinesek utzitako hutsunea: "Herri txikietan gero eta jende gutxiago dago, eta Angelines bereziki garrantzitsua zen oraindik lurrari lotuta lan egiten dugunontzat. Inoiz ez zuen etsairik izan. Maiz, norbait hiltzen denean, gauza politak esaten dira berari buruz, baina Angelinesen kasuan guztiak merezi izan ditu".

Alberto Albizurik ziurtatu du edozein arazo egonez gero Delikan, bera deitzen zutela, beti laguntzeko eta lan egiteko prest baitzegoen Angelines

Noemi Lorente Amurrioko Udaleko langileak ere ezagutu zuen, landa eremuari lotuta, eta antzeko hitzak ditu Angelinesi buruz: "Bere bi grinei -txakolinari eta Delikari- baldintzarik gabeko dedikazioari esker, beti egongo da gurekin. Lurrarekiko, landa-lanarekiko, nekazaritzarekiko, gure paisaiaren kontserbazioarekiko eta Arrastariako herriekiko zuen maitasunari esker, asko lagundu zuen eskualdean txakolinaren laborantza berreskuratzen, tokiko produktuak sustatzen, salmenta zuzena eta hurbilekoa egiten, nekazaritza-sektorea berreskuratzen eta emakumeek landa-eremuan egiten duten lana ikusarazten".

Dudarik gabe, Lorentek alderatu du Arzabro txakolinarekin, lan handia egin baitzuen ardoa ekoizten: "Zure upategia bezalakoa, familiarra, xumea, benetakoa… Zure txakolina bezalakoa freskoa, goxoa, orekatua... aho-zapore bikaina utzi diguzu, iraunkorra, eta badakigu zuretzat lurra arina izango dela".

Izan ere, txakolinean buru-belarri eman zuen bere bizitzaren zati handi bat. Jose Antonio Merino Arabako Txakolin elkarteko gerenteak gogoratu du azoka guztietara joaten zela, eta bere mahaia prestatzeari berebiziko garrantzia ematen ziola: "Mahai-oihala inork baino dotoreago jartzen zuen, eta txakolina inork baino hobeto zerbitzatzen zuen".

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide