Errigora ekimenak bere elkartasun jarduera biderkatu du aurten, pandemia dela eta. Izan ere, euskalgintza sustatzeko ekimen garrantzitsuak bertan behera geratu dira osasun egoeraren ondorioz, eta hutsune hori betetzen saiatzen ari da. Berez, Errigorarekin bat egiteko eta bere saskiak eskatzeko gaur amaitzen da epea, baina zabalik dago aukera oraindik hemen.
Gauzak horrela, Errigorako saskien balioaren %25 bideratuko dute Nafarroako hegoalde eta erdialdeko euskalgintza indartzeko, baina horrez gain, beste 5 euro joango dira AEK laguntzera, aurten ez baitute Korrika antolatuko. Hori dela eta, saski bakoitzak oparia izango du, euskalgintzara lotutakoa alegia.
Zehazki, euskalgintza eta elikadura burujabetza zein tokiko ekoizleen babesa uztartzen dituen egitasmoak 3 saski lortzeko parada emango du:
- Saski beltza: 55 euro balio du eta orburuak, pikillo marmelada, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, teilak, tomate frijitua, mertxika almibarretan, oliba-olio birjina estra, kardua, mahats-zukua, botila ardoa eta piper-mamia dauzka. Horrez gain, Korrikaren katilua du.
- Saski berdea: 65 euroko prezioa du. Txitxirioak, ardo-ozpina, oliba-olio birjina estra, barazki-menestra, pasta, orburuak, pikillo piperrak, arroza, zainzuri zuriak, botila ardoa eta udare-zukua dauzka barruan. Gainera, Seaskako egutegiarekin ere badator.
- Saski zuria: Aurtengo eskaintza berezia. 75 euro balio du eta orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, botila kriantza, txokolatezko zigarretak, patxaran-pastak, patxarana, oliba-olio birjina estra, ardozu zuri apartsua eta arbendol-polboroiak ditu. Hori ez ezik, D ereduaren hazia dauka.
Zozketak
Errigorari esker, Aiaraldea Hedabideak kutxa bana zozketatuko ditu hurrengo asteetan. Lehenengo zozketa hurrengo asteartean izango da eta saski beltza lortzea izango dute eskura parte-hartzaileek, hemen sakatuta.