ARGAZKIAK ETA BIDEOA

Aiaraldeko kirol zentroak batuta, euren jarduna mantentzearen alde

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 15a, 07:00

Elkarretaratzeak egin zituzten Aiaraldeko kirol zentroetako kideek atzo Laudio eta Amurrion, gimnasioak eta antzeko azpiegiturak berriz irekitzea eskatzeko. 

Dozenaka herritar bildu ziren atzo -azaroak 14- Laudio eta Amurrion eginiko elkarretaratzeetan. Eskualdeko hainbat gimnasio eta kirol zentroren artean egin zuten deialdia, euren jardunaren garrantzia aldarrikatu eta, arazoa baino, “soluzioaren parte” direla nabarmentzeko. 

“Neurri asko hartzen ari dira eta ez gaude guztiz ados”, azaldu zuen Ibai Ruiz Abasolok, antolatzaileetako batek, Amurrioko elkarretaratzean. “Gure zentroak birusaren aurrean erabat prestatuak daudela erakustea da ekimen honen xedea”. 

Neurri asko hartu dituztela nabarmendu zuen kirolariak, “distantziak mantentzea, garbiketa bermatzea eta beste asko”. Gauzak hala, kirol azpiegiturak “erabat seguruak” direla ziurtatu zuen Abasolok. “Gainera, jendeak kirola egin behar du. Oso garrantzitsua da osasunerako. Gu laguntza bat gara, ez gara arazo bat, ezta gutxiago ere”. 

Joseba Etxebarria Arzak, bere aldetik, beste aldarri bat jarri zuen mahai gainean: mugikortasuna malgutzea. “Gure ondoan dauden udalerrietako biztanleek aukera izan beharko lukete hemengo zentroetara bertaratzeko, euren bizitokietan horretarako aukerarik ez baldin badute”. 

Aurrera begira

“Zailena” dagoeneko egin dutela azpimarratu zuten mobilizazioen sustatzaileek. “Eskualdeko bederatzi klub batzea lortu dugu, egoera normal batean konpetentzia izango ginatekeen arren”. 

Mobilizazio denetan, borrokan jarraitzeko asmoa  iragarri zuten. “Ez dugu amaitu, hasiera izan da. Elkarrekin egongo gara, hitz egingo dugu, eta ideia aterako ditugu, helburu batekin: kirola funtsezko jarduera izatea, eta edonork izatea gure zentroetara etortzeko aukera. Kirola osasuna delako”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide