Uxoa eta Arkada en la Grada taldeak, areto futbolean jokatzera behartuak pandemiaren erdian

Aitor Aspuru Saez 2020ko aza. 23a, 07:00
Uxoa taldeko jokalariak. / Uxoa

Uxoa eta Arkada en la Grada futbol aretoko klubak une gorabeheratsuak bizitzen ari dira Euskal Ligan. Izan ere, semiprofesional kategoria denez, partidak jokatzera behartzen saiatu da federazioa. 

Uxoa eta Arkada en la Grada Laudioko eta Amurrioko futbol areto klubak egoera korapilatsuan daude une hauetan. Euren kinkaren iturburua da Eusko Jaurlaritzak aukera eman diola kirol semiprofesionalari lehiaketak jarraitzeko eta euren kategoria, Euskal Liga, horien artean dagoela.

Gauzak horrela, larrialdiko erabakia behartu zuten hainbat klubek denboraldiko azaroko jardunaldiak atzeratzeko, baina ez dakite aurrerantzean zer gertatuko den. Hurrengo astean bilera egingo dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Federazioak.

Mikel Iglesias Uxoa klubeko jokalariak azaldu du egoerak ez duela zentzu handirik Laudio eta Amurrioko kasuetan: "Laudioko kiroldegia itxita dago, hortaz, ezin dugu entrenatu. Gainera, etxeko partidak, jokatzekotan, Gasteizen egin beharko genituzke, hemen ezinezkoa baita".

Eragin ekonomikoa

Iglesiasek erantsi du Euskal Federazioak ere ez duela lagundu pandemiaren kudeaketan: "Tematu dira denboraldia hastearekin, ez zegoenean argi zer gertatuko zen kirolarekin. Fitxak ordaindu ditugu eta ez dakigu partidarik jokatzeko aukerarik izango dugun".

Eusko Jaurlaritzak ez ditu lehiaketak eten talde semiprofesionaletan. Hortaz, Uxoa eta Arkada en la Grada partiduak jokatzera beharko nahi ditu Euskal Federazioak. Klubek lehenesten dute mugikortasuna murriztea egoera aldatu arte eta, momentuz, txapelketa atzeratzea lortu dute

Arlo ekonomikoan egungo egoera kaltegarria izan daiteke klubarentzat eta jokalarientzat, Uxoako kideak aipatu duenez: "Semiprofesionaltzat jotzen gaituzte, baina guk ez dugu kobratzen jokatzeagatik, guztiz kontrakoa, ordaintzen dugu. Talde gehienak arabarrak eta gipuzkoarrak direnez, bi astean behin atera behar gara kanpora eta horrek gastua dakar. Gainera, Gasteizen lehiatu beharko bagenitu etxeko partidak, diru gehiago gastatuko genuke. Horri gehitu behar zaio dutxak ezin direla erabili eta bidaia osoa egin behar dugula elkarrekin, dutxatu gabe".

Iglesiasek adierazi du euren patrikatik aterako dela finantzazio gehiena: "Herriko ostalariak eta establezimenduak dira gure babesle ekonomikoak, baina egungo errealitatea ikusita, ez dut uste laguntza askorik eskuratu dezakegunik".

Osasuna zalantzan

Une hauetan, klubak baimenak eskatzen ari dira, liga berriro hasiko balitz, parada izateko bestelako herrietara joateko. Hala ere, Mikel Iglesiasek uste du osasuna ere arriskuan jar dezaketela: "Klubek idazkia egin eta liga gelditu baino lehen, guri zegokigun Lezon jokatzea. Une horietan udalerri hori zen puntu gorria pandemian. Jokalari semiprofesionalak gara, ezin dugu astero PCR proba bat ordaindu jakiteko birusa dugun eta norbait kutsatu dezakegun. Nik behintzat, ez diot zentzu handirik ikusten tabernak itxita dauden bitartean, gu hortik jokatzen ibiltzeari. Suposatzen da mugikortasuna mugatu behar dela, eta hori ez da bateragarria asteburu guztietan Gasteiz edo Gipuzkoara joatearekin".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide