Langileen %70 kaleratzea aurreikusten dute Valvospain-Ituarte erosteko eskaintza guztiek

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 20a, 17:20

Elkarretaratze ugari egin dituzte Valvospain-Ituarteko langileek euren egoera salatzeko.

Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientearen azken luzapenaren aurkako helegitea jarri du ELAko sail sindikalak. 

Valvospain-Ituarteko ELAko sail sindikalak oharra plazaratu du lantegian egon diren azken mugimenduen berri emateko. Enpresa hartzekodunen lehiaketan dago 2019ko ekainetik. 90 langile eta 35 milioi euroko zorra duela azaldu dute sindikatuko kideek, “jabeen kudeaketa kaskarra eta estrategia txarra” dela eta. 

Pandemiak hartzekodunen lehiaketa atzeratu arren, abuztuan amaitu zen enpresa ekoizpen unitate moduan erosteko eskaintzak egiteko epea. Aurkeztutako eskaintza guztiak “oso kaltegarriak” direla nabarmendu dute langileen ordezkariek, guztiek aurreikusten baitute gaur egungo langile kopurua %70 jaistea. 

Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedienteari helegitea

Horrez gain, martxoan Aldi Baterako Enplegua Erregulatzeko Espedientea ezarri zen, pandemiaren ondorioz. Neurriak indarrean jarraitzen du, ELAren aburuz, “2 luzapen automatiko izan baititu”. Gauzak hala, etxean zortzi hilabete igaro dituzte dagoeneko langileek, “prozesua noiz amaituko zain”.

Hori dela eta, espedientearen azken luzapenari helegitea jartzea erabaki du sindikatuak. “Gaur egungo egoerak lehiaketaren intereserako baino ez du balio, langileak enpresatik urrun mantentzeko. Bitartean, espedientetik kanpo,  zuzendaritzak soldatak kobratzen jarraitzen du, nahiz eta lantegian ia jarduerarik ez izan”. Gauzak hala, espedienteak zentzurik ez duela nabarmendu dute, “langabezian itxaroten jarraitzera kondenatzen duelako beste enplegurik bilatu ezinik eta amaiera datarik gabe”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide