Aiaraldeko bi enpresa eta enpresari batek 5 milioi euro baino gehiago zor diote ogasunari

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 24a, 09:13
Recuperación de Materiales Industriales S.A. da zerrendan agertzen den enpresetako bat. / GoogleMaps

Araba eta Bizkaiko zordun nagusien zerrendak argitaratu dituzte Aldundiek. 

Ogasunari milioi bat euro baino gehiago zor dieten enpresa eta pertsona fisikoen urteroko zerrenda argitaratu dute Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek. Aiaraldeko hiru izen agertzen dira zerrenda horietan. 

Ruben Bravo Gonzalezena da horietako bat. Enpresari hori aurreko urteetan ere agertu da Arabako Foru Aldundiaren zerrendan, eta ogasunari zor dion dirua pilatzen ari zaio. 1.709.452,97 euro zor zituen eta aurten 1.752.993,67 euro zor ditu.

Lau enpresa ditu Bravo Gonzalezek guztira: Iridytrio S.L, Platinorumba S.L, Activos por impuestos diferidos S.L eta Agricola Nini S.L. Lehen hiru enpresak Laudioko Jose Mardones kaleko etxebizitza batean dute egoitza soziala. Laugarrena, aldiz, Kantabrian kokatuta dago.  

Somolsa

Somolsa enpresa urduñarra ere berriz agertu da Bizkaiko Foru Aldundiaren zerrendan. 2.370.095,80  euro zor zituen iaz eta aurten, aldiz, 2.397.825,9 euro. 2004. urtean itxi zen fabrika hori eta ordainketak etenda ditu orduz geroztik.

Urtero agertzen da zordunen zerrendan eta geroz eta handiagoa da zor duen dirua, errekarguak handitzen direlako. 

Murgako enpresa

Recuperación de Materiales Industriales S.A. enpresa estreinako aldiz agertu da aurten zerrendan. 1.090.509,96 euro zor dizkio ogasunari. Murgan kokatua dago enpresa hori eta 36 langile inguru zituen. Hartzekodunen lehiaketan dago orain, itxiera prozesuan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide