ERREPORTAJEA

Zenbateko kaltea eragingo dio itxialdiak Aiaraldeko ostalaritzari?

Txabi Alvarado Bañares 2020ko aza. 24a, 10:00
Laudion ehunkaherritar batu ziren Herriko plazan, ostalariei babesa helarazteko. / Aiaraldea.eus

Pertsiana jaitsi behar izan duten eskualdeko ostalariek, baina ez dira etxean gelditu. Mobilizazioak egiteari ekin diote instituzio publikoei laguntza gehiago eskatu eta neurriak malgutu behar direla aldarrikatzeko. Ehunka lagun batu dira elkarretaratze eta manifestazioetan.  

Aiaraldea pisu nabarmena duen sektorea da ostalaritzarena. Eustatek 2019an bildutako datuen arabera, alor horretan jarduten duten 195 establezimendu daude “Kantauri Arabarra” gisa sailkatua dagoen zonaldean (Amurrio, Aiara, Artziniega, Laudio, Urduña eta Okondo). Negozio gehienak -151- txikiak dira: bost langile edo gutxiago dituzte. 12 tokitan baino ez dituzte 10 langile baino gehiago. 

Ondorioa argia da: Aiaraldeko ehunka herritar bizi dira ostalaritzatik, eta COVID-19aren pandemiak gogor kolpatu du sektorea. 5.363 langileri aplikatu zitzaizkien Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak Aiaraldean martxoaren 5etik maiatzaren 20ra bitartean. Espediente gehienak ostalaritza establezimenduetan ezarri ziren: 7 edari establezimendutan (hau da, tabernetan) eta 40 jatetxe edo janari-postutan. 

Oraingo egoerak antzekotasun handiak ditu martxoan bizi izan zenarekin. Pandemiaren “bigarren olatua” dela eta, taberna eta jatetxeak ixteko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzak azaroko lehen asteburuan. Abenduaren hasierara arte egongo da indarrean neurria, gutxienez. 

Mobilizazioak

Gauzak hala, mobilizazio ugari egin dituzte azken egunetan EAEko hiri eta herri askotan. Aiaraldea ez da salbuespena izan. Azaroaren 7an bertan egin zen lehen manifestazioa, Urduñan. Handik lau egunetara Laudiok eta Amurriok hartu zuten lekukoa. Elkarretaratze jendetsuak egin ziren bi herri horietan. Ostalariak ez ezik, saltokietako kideak eta herritarrak batu ziren protestetara.

Iragan ostiralean, aldiz, mobilizazioak egin zituzten bi herri horietan, arratsaldez, ehunka bizilagunen parte hartzearekin. 

Izan ere, orain ezarritako neurriak pandemia hasi zenean indarrean egon zirenak baino zorrotzagoak dira, ostalariek nabarmendu dutenez. “Ez zaigu aproposa iruditzen etxez etxeko banaketa gaueko bederatzietan gelditu behar izatea, hilabete gogorrenetan gaueko hamabietara arte egin zitekeen bitartean”, azaldu zuten mobilizazioetan. 

Orain ezarritako neurriak pandemia hasieran egon zirenak baino zorrotzagoak direla salatu dute ostalariek

Laguntzen beharra

Instituzioei interpelatu zieten mobilizazioetan. “Ostalaritza ez da deabrua. Gure ustez, bestelako soluzioak bilatu behar dira. Eta, ixtea erabakiz gero, beharrei egokitutako laguntzak behar dira”, azaldu zuen Iñaki Vivanco Ibañezek. Apill merkataritza elkarteko presidenteak nabarmendu zuen “beharrei egokitutako laguntzak” behar direla itxierari aurre egiteko. “Eusko Jaurlaritzatik 30 milioi euroko laguntzak prestatu dituztela entzuten ari gara, baina ostalaritzaren sektoretik 100 milioi baino gehiago eskatzen ari gara, beharrezkoak direlako”.

Antzeko gauzak aipatu zituen Jon Aspuru ostalariak Amurrioko elkarretaratzean: “Itxi behar baldin bagaituzte ados, baina laguntzak behar ditugu, horrela ezin dugu bizi”.

Mobilizazioen antolatzaileek nabarmendu zuten ostalariek gauzak ondo egin dituztela, “gomendatutako osasun neurriak bete eta bezeroentzako ahalik eta segurtasun handiena bermatu dutelako”. 

Ondorioak

Itxierak ondorio latzak eragin ditzakeela uste dute ostalariek.  Iñaki Vivanco Ibañezek argi du: “itxiera hauekin hirutik ostalari batek ezingo du berriz ireki. Horrez gain, enplegu asko galduko dira”. Gauzak hala, tokiko ostalaritza eta merkataritza zaintzearen beharra jarri dute mahai gainean mobilizazioen deitzaileek, “enplegu iturria” direla argudiatuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide