Beira birziklatzeko kanpaina abiatu du Udaltalde 21 Nerbioi-Ibaizabalek, “etxeetan beiraren bereizketa errazteko”. Horretarako edukiontzi txikiak banatuko dituzte jasangarritasun bulegoaren parte diren udalerrietan, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Orozko eta Urduña tartean.
Galdetegi bat jarri du erakundeak estreinatu berri duen webgunean (www.udaltalde21.eus). “Lau galdera errazi erantzunez, parte-hartzaileek 'miniglu' bat jasoko dute etxean, eta bulegoaren jardunaren definizioan esku hartuko dute, hurrengo urteetan gauzatuko dena”.
Ecovidriok emandako diruarekin eskuratu dituzte herritarren artean banatzeko edukiontziak. Enpresa horrek emandako datuen arabera, iaz 804 tona beira birziklatu ziren Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo, Arrigorriaga, Etxebarri, Orozko, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaratamo eta Zeberioko udalerrietan. “Ecovidrioren datuen arabera, beirazko 10 ontzitatik 7 baino gehiago birziklatu egiten dira eta ildo horretan jarraitu beharko litzateke hobetzeko”, nabarmendu du Udaltalde 21k.