Nortzuk zaudete "Hezkuntza plazara" ekimenaren atzean?
Araba, Nafarroa, Bizkaia eta Gipuzkoako herri zein auzoetako hezkuntza komunitateetako kideak batu dituen ekimena da “Hezkuntza plazara”. Hezkuntza eremuan bizi dugun egoera larriaren aurrean, protagonista zuzenak garen hezkuntza komunitateon aktibaziorako eta elkarlanerako deia sustatzea du helburu, tokian-toki irakasleak, hezitzaileak, ikasleak, gurasoak zein langileak elkarrizketan jartzea ezinbestekoa dela uste dugu, elkarrekin gogoeta egitea, elkarrekin jardutea eta elkar zaintzea.
Mobilizazioak deitu dituzue abenduaren 1erako. Zer aldarrikatuko duzue bertan?
Lehenengo eta behin, bizi dugun egoera zailaren aurrean hezkuntza-komunitateetatik egindako ahalegina aitortu egin behar dela aldarrikatuko dugu.
Administrazioen kudeaketa ere salatu dugu, inprobisazioz jokatzen ari direlako eta oraindik ere, hainbeste hilabete pasa eta gero ere, planifikaziorik gabe eta neurri zein baliabide eraginkorrik gabe jarraitzen dugulako.
Hezkuntza langileen bizkar gainean ezin da jarri egoera honi aurre egitea. Batetik, ez dagokielako, eta bestetik, ez zaielako, gainera, behar besteko baliabiderik ematen exijitzen ari zaien ardura betetzeko. Familien egoera ere aintzat hartu behar da. Hezkuntza eta ikastetxeak ez dira gurasoak lanera joatea ahalbidetzeko haur zein nerabeen aparkalekua. Baina, era berean, ziurtatu egin behar da kontziliazioa posible izango dela: jangelak, orduz kanpoko ekintzak, konfinamendu kasuetan bajak...
“Hezkuntza langileen bizkar gainean ezin da jarri egoera honi aurre egitea”
Hori oinarrian izanda, planteatzen ditugun neurrien artean honakoak daude: inklusioa bermatzea, curriculumen berrantolaketa, euskara eta kultura euskaldunaren transmisioaren sustapena, aisialdi hezitzailea bermatzeko ekimenak berreskuratzea, ratioen jaitsiera eta kontratazio gehiagorako egitasmoak bultzatzea, espazioen berrantolaketa, jantoki hezitzaileen eredua zabaltzea…
Ikasleak dira hezkuntza prozesuaren subjektu eta daukaten hezkuntza eskubidea era integralean bermatu behar da. Edozein neurri edo erabakiren erdigunean egon behar dute. Eta, orain, urgentziazko neurriak hartu beharra dago, ez soilik “osasun” ikuspegi hutsetik. Ikasleen hezkuntza prozesua bermatuko duten neurri eraginkorrak hartu behar dira, ikuspegi integral batetik.
Aiaraldean zer nolako isla izango du ekimenak?
Eskualdeko ikastetxeetako Hezkuntza komunitatetako kideen atxikimenduak bultzatzen ari gara eta Abenduaren 1erako elkarretaratzeak deitu ditugu Laudio eta Amurrioko plazetan, 18:00etan.
“Kontrol sozial eta polizialak ere gora egin du gure eskualdean. Institutuko sarreran polizia ikasleak identifikatzen egon dira, adibidez”
COVID-19aren aurrean hezkuntza komunitatetik erantzun bateratua ematea duzue helburu. Zertan aldatu du pandemiak Aiaraldeko hezkuntza mundua?
Aiaraldeko errealitatea Hego Euskal Herriko gainerako eskualdetakoaren antzekoa da. Gure inguruan eskola jantokien zerbitzua bermatzeko zailtasunak begi bistakoak izan dira, Latiorro Eskolan agerian utzi duten bezala. Aisialdi esparrua basamortua bilakatzeko arriskuan dugu.
Kontrol sozial eta polizialak ere gora egin du gure eskualdean. Institutuko sarreran polizia ikasleak identifikatzen egon dira, adibidez.
Kezkatuta gaude COVID-19a dela eta ikastetxe guztietan bizitzen ari garen egoera berezi eta larriarekin. Aiaraldean ere eragina pairatzen ari gara: baliabide falta, garraio eta jangela zerbitzu duingabea... ikasle-irakasleen gehiegizko ratioekin langileen gainean erortzen da, hezitzeaz gain, egoerari aurre egin behar izatea.
“Eskualde honetan Hezkuntza Batzorde bat osatu beharko genuke gure hezkuntza beharrei erantzuteko”
Abenduaren 1eko mobilizazioak amaituta, zer egiteko asmoa duzue?
Eskualde honetan Hezkuntza Batzorde bat osatu beharko genuke gure hezkuntza beharrei erantzuteko.
Egoera honi irtenbideak emateko, baina baita ere aurretik ditugun beste beharrei erantzuteko. Adibidez, curriculuma egiteko, curriculum propioa, Euskal Herrian oinarrituta, baina gure eskualdeko tokiko errealitatetik abiatutakoa. Hau da, gure eskualdeko herrien ezaugarriak nabarmenduko dituen curriculuma sortzeko. Gure historia jasoko duena eta baita ere eskualde honetan ditugun euskalduntzeko beharrak kontutan hartuko dituena. Baita ere eskualdeko hezkuntza behar espezifikoei erantzuteko edo gure espazio sozioekonomikora egokitutako Lanbide Heziketaren sustapen ekimenak diseinatzeko.
Horretarako, ezinbestekoa da hezkuntza komunitatean parte hartzen dugun eragile guztion parte hartzea, erakunde publikoena barne. Izan ere, beraiei dagokie horrelako ekimen bat garatzeko baliabide ekonomikoak bermatzea.
Indarrak batzeko momentua da. Beraz, abenduaren 1etik aurrera, borrokatu gabe irabazterik ez dagoenaren ideia bururaino eraman eta lanean jarraitzea dagokigu.