DATUAK ETA EGITARAUAK

2.964 herritarrek egin dute bat Euskaraldiaren 2. edizioarekin

Txabi Alvarado Bañares 2020ko abe. 3a, 09:00

Ehunka Arigune egon dira eskualdean. / Aiarako Batzordea

Egun bakarra baino ez da falta Euskaraldiaren bigarren edizioari amaiera emateko. Parte hartze datuen berri eman dute antolatzaileek: ia 3.000 bizilagun aritu dira eskualdean ahobizi edo belarriprest rolak hartuta. Horrez gain, 243 entitate aritu dira Arigune gisa. 

Ostiralean amaituko da aurtengo Euskaraldia. Datu esanguratsuak utzi ditu euskararen aldeko dinamikaren bigarren edizioak Aiaraldean. 2.964 herritarrek parte hartu dute guztira ekimenean, 890 belarriprestek eta 2.074 ahobizik. 

Hauek dira datuak herriz herri:

  • Aiara: 60 belarriprest eta 118 ahobizi
  • Amurrio: 287 belarriprest eta 592 ahobizi
  • Arakaldo: 4 belarriprest eta 16 ahobizi
  • Areta: 31 belarriprest eta 64 ahobizi
  • Arrankudiaga-Zollo: 20 belarriprest eta 96 ahobizi
  • Artziniega: 60 belarriprest eta 76 ahobizi
  • Laudio: 246 belarriprest eta 712 ahobizi
  • Okondo: 31 belarriprest eta 45 ahobizi
  • Orozko: 56 belarriprest eta 161 ahobizi
  • Urduña: 95 belarriprest eta 194 ahobizi 

Emakumeak nagusi

Parte hartzaileen artean emakumeak izan dira nagusi, 1.875 guztira. Gizonak 1.046 izan dira eta ez-binarioak, aldiz, 42. Ahobizien artean 25 ez-binario, 1.365 emakume eta 659 gizon batu dira. Belarripresten artean, aldiz, 17 ez-binario, 486 emakume eta 338 gizon izan dira, hurrenez hurren. 

Adinari dagokionez, horrela banatu dira parte hartzaileak: 450 izen-emate jaso dira 16-22 urtekoen artean, 23-30 urtekoen artean 346, 31-40 urtekoen artean 739, 41-50 urtekoen artean 783, 51-60 urtekoen artean 449, 61-70 urtekoen artean 174, 71-80 urtekoen artean 28 eta 80 urtetik gorakoen artean 4. 

Gizon baino emakume gehiagok hartu dute parte Euskaraldian, ia bikoitza

Amaiera ekitaldia

Ekitaldi bat egingo da ostiralean Euskaraldiari amaiera emateko. Streaming bidez emitituko da 19:00etan, eta eskualdeko herri guztietan egongo da ikusgai, kalean jarriko diren pantailen bidez. Ordu erdi beranduago, kultur emanaldiak hasiko dira, bana herri bakoitzeko. Aiaran, Ezina ekinez egina ikuskizuna oholtzaratuko du Ixabel Agirresarobe Arzallusek. Amurrion Txoborro magoaren emanaldia edukiko dute. Izaskun del Cerro piano-jole urduñarrak kontzertua eskainiko du Arakaldon, eta Igor Arzuagak, aldiz, Aretan. 

Arrankudiagan Erdaldun berrien kluba bakarrizketa antolatuko dute, AED elkartearen eskutik. Artziniegan Nai malabaristaren ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da. Okondon Ipuinez nazkatuta saioa taularatuko du Zirkugintzak. Laudion bertso saioa egongo da, puntako lau bertsolarirekin: Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Jon Maia. 

Orozkon bi jarduera prestatu dituzte. 18:00etan Urpekakariak antzezlana egongo da haurrentzat, Donibane aretoan. 19.30ean, aldiz, Kaitin Allende Zaldunbide umoregileak Artistak eta kazetariak 1.0 bakarrizketa kontatuko du. 

Urduñan, aldiz, arratsalde osoan zehar luzatuko da egitaraua. 16:30ean hasiko da jaialdia herri ikastetxean musika eta irratiarekin. Handik ordu erdira “Hitza-pasa" jolasa egingo dute, eta 18:00etan Mr.Frack ikuskizuna egongo da, Xabi Larrearen eskutik. Eriz Perez eta Xabi Aburruzaga musikariak arduratuko dira jaiari azken nota jartzeaz, 19:30ean. 

Ekitaldi bateratua egingo da bihar Aiaraldean, ekimenari amaiera emateko

Balorazioa

Oraindik pare bat egun geratzen diren arren, Euskaraldiaren balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. “Oso pozik gaude parte hartze datuekin. Euskaraldia harremanetan zentratzen den ariketa da, eta egoerak ez du horretan laguntzen”, azaldu du Leire Sanjurjok, “aurten zaila izan da antolatzea, herri batzordeek bilerak telematikoki egin behar izan dituzte eta aurreikusten genituen ekitaldi asko ez dira egin”. Gauzak hala, parte hartzea altua izan dela nabarmendu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko kideak, pandemiak pandemia. 

Hala ere, ekimenaren “ikusgarritasuna” txikiagoa izan dela aitortu du Sanjurjok, “udan Arigune askok eman zuten izena, baina horietako asko itxita egon behar izan dira aste hauetan, COVID-19a dela eta ezarritako neurrien ondorioz”. 

Ildo horretan, herrietako batzordeek eginiko lana goraipatu du Euskaraldiko antolakuntzako kideak. “Inoiz baino gogo gehiagorekin egin dute lan”, nabarmendu du, “argi genuen itxialdiaren ostean euskara berriro kalera atera behar genuela, euskarak bultzada behar zuela eskualdean hilabete hauen ostean, eta Euskaraldiaren bidez lortu dugu zabalkunde hori ematea”.  Hargatik, ostiraletik aurrera ere Euskaraldiarekin aurrera jarraitzeko mezua luzatu dute antolatzaileek: “Jendea animatzen dugu txapa kenduko badute ere, ariketarekin jarraitzera, eta euren egunerokoan bizi izan dituzten ohitura aldaketei eustera”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide