Aretako Kultur Etxean aurkeztu zuen atzo Mikel Ayllon idazle laudioarrak bere azken liburua: Zoriontsuak izatea aukeratu genuen. Zoriontsu izateko hautua hartu duten pertsonaiek ardazten duten sei ipuinez osatutako lana.
Liburua argitaratu eta hilabete gutxira oholtza gainera jauzi egitear da liburuko ipuinetako bat. Pizifaktoria laborategiak antzezlanerako moldatu du liburuko lehen kontakizuna: Elkar ezagutu genuen eguna. Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian aurkeztuko dute abenduaren 18an eta Aretako Kultur Etxea bera baliatu dute entseguetarako.
Pablo Ibarluzeak zuzendu du obra eta Igor Arzuagak jarri dio musika. Irati Onaindia eta Aritz Bengoa arduratu dira Ayllonen pertsonaiei bizia emateaz.