Arratsaldeko 18:30etan elkartu da Labi Babes Zibileko Planaren Aholku Kontseilua. Iñigo Urkullu lehendakariak agerraldia eskaini du bertan hartutako erabakien berri emateko.
Gauzak horrela, bihartik aurrera udalerrien arteko konfinamendu perimetrala altxatu eta lurralde barruko mugikortasuna baimenduko da. Hala ere, lurraldeen arteko mugikortasuna ez da abenduaren 23ra arte baimenduko, eta abenduaren 23tik 26ra eta abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra bakarrik burutu ahalko dira desplazamendu horiek.
Etxeratze agindua ere arinduko dute gabon eta gabonzahar gauetan, 1:30ak arte luzatuz.
Ostalaritza zabalik
Azaroaren 7tik itxita dauden taberna eta jatetxeek larunbatetik aurrera ekin ahalko diote berriz jardunari, goizeko 6:00etatik arratsaldeko 20:00ak arte. Establezimenduen barruan edukieraren %50a soilik bete ahalko da. Terrazetan, berriz, edukieraren %100a. Dena dela, debekatuta egongo da barran edo zutik kontsumitzea.