Estatikoa izan da aurtengo "Olentzero solidarioa" ekimena. Luiaondoko pista estalian egin dute gaur 12:00etan, eta aulki guztiak bete dituzte aiararrek ia. Arrakasta handia izan du ekintzak, nahiz eta ohiko dinamika moldatu.
Antolatzaileek Aiaraldea Hedabideari azaldu diotenez, orain arte ibiltaria izan da: "Luiaondo inguruko basoetatik ibilbide berezi bat prestatu ohi dugu, eta pertsonaia bereziak agertzen dira zirkuituan barrena haur eta helduen sorpresarako".
COVID-19a dela eta, ordea, herrigunean kokatu behar izan dituzte pasarte guztiak. Hala, haur zein gurasoekin batera mamotxorroak, galtzagorriak, lamiak zein Tartalo izan dira protagonistak.
Erantsi dutenez, bildutako jostailuak desinfektatu ostean, eskualdeko behardunei emango dizkiete Amurrioko elkarte baten bidez. Aiarako Biltokiak, udalak, eta Etxaurren Ikastolak sustatu dute egitasmoa.