AURRERAPENA

2010-2020 hamarkadari buruzko liburua argitaratuko du Aiaraldea Hedabideak

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abe. 17a, 07:30
Datorren astean iritsiko da inprentatik liburua. / Aiaraldea.eus

200 orriko argitalpenak hamarkadan eskualdeak izandako bilakaera aztertuko du. Doan banatuko da Aiaraldeko zenbait tokitan datorren astetik aurrera.

Mugarriak: Aiaraldea 2010-2020 argitalpena sortu du Aiaraldea Hedabideak, azken 10 urteetan eskualdeak bizitako bilakaeraren adierazle. Orotariko gaiak argazki eta idatzizko erreportajeetan bildu dituzte hedabideko kazetariek, eta 200 orri izango ditu guztira argitalpenak. Hala, euskararen alorrean, jendartean, sozioekonomian, kulturan, kirolean, hezkuntzan zein politikan emandako aldaketak izango ditu ardatz liburuak. Gainera, iritzi artikulu, ilustrazio eta komikiak ere edukiko ditu. 

Landutako ardatzen artean daude, besteak beste, hamarkadak utzitako kultur zein kirol ekimen bereziak, erronka bitxiak, jaialdi erraldoiak, azpiegitura berriak, lan gatazkak, hezkuntzako sistema aldaketak, feminismoaren hedapena, pantailaren eragina hezkuntzan, aisialdi talde berrien sorrera eta abar. Horrez gain, gizartean errotutako fenomeno berriak ere jorratzen dira; runner edo korrikalarien moda, erosteko moduen aldaketa edota elikadura kasu. 

Proiektu berezia izanik, botaldia ere mugatua izango da, 2.500 alekoa, hain zuzen. Bazkide eta zenbait instituzioen babesari esker, ordea, doakoa izango da tokiko "historia oroigarria". 

Banaketa puntuak

Udalerri guztietan egongo da argitalpena eskuratzeko aukera, aleak agortu arte. Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkideek etxean jasoko dute liburua. Gainontzekoek, erredakzioa@aiaraldea.eus postara bidali beharko dute mezua, eta interesdunari bere herriko banaketa puntua eta eguna gogoraziko zaio. Izan ere, zenbait herritan Gabonetako ekitaldietan banatuko da alea. 

Solasaldiak

Bestalde, zenbait solasaldi antolatuko ditu Aiaraldea Hedabideak Gabonetarako. Okondon, esaterako, herriko emakume kirolariak elkartuko dituzte mahai bueltan (abenduaren 28an, 18:00etan); eta Aiaran Aritz Arberas, Izaskun Bengoa eta Mikel Landa txirrindulariak (abenduaren 29an, 18:00etan). Hitzaldi guztiak streaming bidez emitituko dira Aiaraldea.eus webgunean. Aurrerantzean ere, jarduera publikoak sustatuko ditu hedabideak. 

Egitasmo berezi hau Aiaraldea Hedabidearen 10. urteurrenaren baitan kokatzen da. Iaz, Aiaraldeko Kirol Urtekaria ekoitzi zuen hedabideak, baina aurten ikuspegia eta eskaintza zabaldu du komunikazio faktoriak, herritarrentzat zein euskararentzat ekimen interesgarria izan daitekeelakoan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide