ERREPORTAJEA

Pandemia bat herri txikien talaiatik

Aimar Gutierrez Bidarte 2020ko abe. 25a, 08:00

Aiaraldeko hainbat herri txikitako bizilegunek pandemia nola bizi zian duten kontatu dute. / Aiaraldea.eus

Nola bizi izan dute COVID-19aren pandemia Aiaraldeko herri txikienetako bizilagunek? Galdera horren erantzunaren bila jo dugu Belandia, Menagarai edota Lendoñobeitira, bertako herritar batzuekin hitz egitera. 

Mundua hankaz gora jarri du COVID-19ak eragindako pandemiak. Zeharo aldatu ditu gizartearen bizitza erritmoak, lehentasunak eta baita perspektibak ere. Itxialdiko estutasunak herri txikiak eta landa-eremua jarri ditu jomugan: etxe handiak, eta aire freskoa arnastu ahal izateko espazio zabalak. Imajinario kolektiboan ez bezala, herri txikietako bizitza ez da beti xamurra, lana eta dedikazioa exijitzen ditu nahitaez: komunitatean bizi eta komunitatean aurrera egiteko konpromisoa.

Nola bizi izan dute pandemia Aiaraldeko herri txikietako bizilagunek?

Ukaezina da COVID-19ak gutxiago eragin duela landa-eremuan. Horrela azaldu du Gentza Alamillo Aiarako alkateak: “Biztanle gutxiagorekin, eta harreman sozialak urriagoak izanda, kutsatzeko arriskua ere askoz murritzagoa izan da”. Datuek hori baieztatzen dute; Aiaran Luiaondon eta Arespalditzan bizi izan dituzte koronabirus kasu gehien, udalerriko nukleo populatuenetan, hain zuzen. Herri txikietan egon dira kasuak ere, baina oso anekdotikoa izan da birusaren eragina. Menagaraiko mojen eskolan piztu zen fokoa izan da Aiarako herri txikietan gaixotasunarekin lotutako egoerarik nabarmenena.

Pandemiak, ordea, osasun arlotik harago, bizitzako esparru ia guztiak irauli ditu modu batean ala bestean. Pandemiaren korronte arroaK aurretik eraman du mundu globalizatu hau eta, noski, landa eremua ez da horretatik libre gelditu. Uraren indarrak irentsi ez dituen arren, oinak busti behar izan dituzte bertako biztanleek.

Baserrietako lanek ez dute etenik izan pandemian eta, kasu batzuetan, ugaritu ere egin dira, konfinamenduak sortutako zailtasunak medio

Bizitzak aurrera

Lendoñobeitiko gainerako bizilagunak bezala, martxoko konfinamenduak ezustean harrapatu zuen Crescencio Irabien: “Mundua zeharo gelditu zela zirudien, baina baserriko lanek aurrera egin behar zuten bai ala bai”, azaldu du. Lan horiek aurrera egiteko motozerrako pieza berri bat behar zuen ezinbestean.  Laudiora arte bidaiatu zuen konfinamendua hasi berritan, motozerrarentzako pieza hori eskuratzeko. Bidaia “beldurrez” bizi izan zutela dio, momentuko ziurgabetasunaren eraginez.

Motozerraren anekdota horregatik ez balitz, egunerokoak “berdin” jarraitu zuen Lendoñobeitin. Herriko mugaz gaindi mundu guztia etxeetan sartuta zegoen bitartean, ortuan lanean, abereak zaintzen edota baserria konpontzen zebilen 'Crescen'; otsailean edo urtarrilean bezala, bakarrik.

Bakardadearen gaitza

“Herri txikietako harreman sozialak ohikoan eskasak badira, are eskasagoak bihurtu dira martxotik hona”, azaldu du Crescenek. Izan ere, kutsatze arriskua oso baxua izan arren, beldurra bai nagusitu zela Lendoñobeitiko 30 biztanleen artean. Ez da Crescenen kasua, baina badira hilabetean inorekin hitz egin ez zuten auzokideak.

Lendoñobeitin “distantzia soziala” praktika normala den arren, badira harremanetarako espazioak, baina pandemiak horiek ere ezabatu egin ditu. Aurten ez dute abuztuaren 3ko San Esteban eguna ospatu, herrikide guztiak elkartzeko zuten urteko egun bakanetakoa. Irabienek uste du aurten San Esteban eguna ez ospatzeak eragina izango duela etorkizuneko jaietan, azken urtetatik hona  gainbeheran dauden jaiak baitira.

Belandian ere ez dituzte herriko jaiak ospatu. Administrazio Batzarrak ahaleginak egin bazituen ere, pandemiaren bigarren olatuak harrapatu zituela azaldu du Noemi Llorente batzarreko kideak. 

Pandemiak, ordea, balio izan die herritarren arteko harremanak zeinen funtsezkoak diren ulertzeko: “Askok Belandiatik kanpo ditugu gure zirkulu-sozialak; harreman horiek eten egin ziren martxoan, eta auzokideak gehiago elkar ezagutzen hasi ginen, herritar guztiak biltzeko afari edo jai txiki bat antolatzeko gogoak dituen inor bada ere”.

COVID-19ak gutxiago eragin du herri txikietan, datuek erakusten dutenaren arabera

Sarearen indarra 

Arabako Baserritar Inguruko Emakumeen Sareko lehendakaria eta Menagaraiko Emakume Taldeko kidea da Leonor Sastre. Ondo daki zeinen garrantzitsua den landa ingurunean bakardadeari aurre egiteko batu eta antolatzea.

Orotariko ekintzak antolatzen dituzte Menagaraiko emakumeek elkarren artean saretzeko. Zuatza, Kexaa edota Erretes herrietatik ere bertaratzen dira emakumeak. Aurten, ordea, ekintza guztiak bertan behera utzi behar izan dituzte. Eliza atarian ikus dezakete elkar bakarrik.

Teknologia berrietara ohitu behar izan dira elkarren berri izateko: “Whatsapp bidez agurtzen gara egunero, modu telematikoan bada ere, sarearen berotasuna transmititzeko”. Internet bidez harremanak mantentzea ez da lan xamurra Aiaraldeko herri txikietan: “Aldundiak kable bidezko konexioa bermatu zuen duela urte gutxi herri gehienetan, baina oraindik oso txarra da, askotan borrokatu behar izan dut telefono konpainiarekin” azaldu du Sastrek.

Baserrian atsedenik ez

Lana eta bizitza estuki lotuta daude herri txikietan, lurrari lotuak eta lurrari emanak bizi dira Aiaraldeko etxaldeetako auzokideak. Luis Zaballa abeltzaina da, ardi azienda bat du bere ardurapean. Konfinamendua lan zama ikaragarriarekin eta gaixotutako senideekin hasi zuen. Abeltzaintza-ustiategia amaren eta osabaren baserrian dauka, eta alarma-egoera ezarri zen egunean bertan, arreba sukarrarekin hasi zen. Menagaraiko eskolan irakasle da Zaballaren arreba, amak usaimena galdu zuen eta Luisek berak ondoeza eta eztarriko mina izan zuen. Frogarik ez zieten egin COVID-19a zela ziurtatzeko.

Ziurgabetasun egoera horretan ere, Zaballak ezin zion ardiekin lan egiteari uko egin. Berak bakarrik hartu behar izan zuen aziendaren ardura: “Lan handiko sasoia da martxoa, erditze kanpaina bukatzear harrapatu gintuen konfinamenduak, ardiak egunero jetzi behar dira, eta gainontzeko animaliak zaindu...”.

Virginia Ortiz de Barron, Luis Zaballaren emaztea, abeltzainen kooperatibako administrazio lanaz arduratzen da; kooperatibaren bidez ardien esnea saldu egiten dute Idiazabal gazta ekoizteko. Lana ere demasa izan du, aurretik zituen bilera presentzialak modu telematikoan egin behar izan ditu, Menagarai bezalako herri batean Internet konexioak dituen gabezia guztiekin. 

Kooperatibari esker lortu dute esnearen ohiko salmenta prezioa mantentzea, baina ezagutzen dituzte kontrako egoera bizi izan duten ekoizleak: “Handizkako zenbait merkatari egoeraz baliatu dira esnea askoz prezio merkeagoan erosteko; azkenean, kate-begirik ahulenak ordaintzen du egoera garestien”.

“Herri txikietako harreman sozialak ohikoan eskasak badira, are eskasagoak bihurtu dira martxotik hona”

Carlos Cuadrak 82 urte ditu eta Belandiako auzokidea da. Ez konfinamenduak ezta pandemiak ere ez ditu bere eguneroko zereginak eten. Goizean goiz esnatzen da egunero, ardiren batek erditu duen begiratzen du aurrena, behiei jaten eman eta gaixorik dauden animaliak zaindu. 

Egunak aurrera egin ahala, baserriaren eta inguruko larreen mantenuan murgiltzen da: hesiak jarri, ateak konpondu, belarra moztu... Traktorean igota pasatzen du eguna gaueko bederatziak jo arte. 

Ordu horretan Amurrioko lagunak bisitatzeko tartea hartuko luke pandemiarik ez balego, faltan botatzen ditu aisialdi une horiek. Horrela bizi da taxista lana utzi zuenetik. Opor egunik ez da landa inguruan.

Osasun langileak

Kutsatzeko arrisku gutxi egoteak ez du esan nahi birusaren arriskurik ez dagoenik, ezta herri txikietako bizilagunek arreta medikoa behar ez dutenik ere. Horri erantzuteko dago Jesus Valle. Landa inguruko erizaina da eta Urduñako osasun-zentroan egiten du lan. Koronabirus kasu gutxi ikusi ditu Urduña inguruko herrixketan eta herrian sortu zen laguntza-sare zabala goraipatu du: “Auzokideak oso ondo antolatu dira, norbait isolatu behar izan denean ez zaio arretarik falta izan”. 

Muturreko kasu bakarra du gogoan: “Baserri bateko kide guztiak kutsatzen joan ziren, eta familiak kanpotik ez zien inolako laguntzarik eskaini”. Baserriko jendea “gogorra” dela azpimarratu du Vallek: “Pandemian zehar auzokideek beraien osasunaren gaineko arreta albo batera ez uztea izan da gure kezka nagusia” dio, “koronabirusaz gain, gainerako gaixotasunek berdin eragiten jarraitu dute, pazienteei hori ulertarazten tematu gara”.

Pazienteak informatuta jarraitzeko helburuarekin bere sare sozialetan azalpen bideoak grabatu ditu Jesus Vallek eta Urduñako Udalaren laguntzari esker jende askorengana iristea lortu dute.

Bi munduren arteko talka

Maiatzak konfinamendu neurrien malgutasuna ekarri zuen, eta Aiaraldeko herri txikietako bizilagun guztiek sumatu dute herri handietako bisitarien etorrera. “Askok pentsatzen dute landa-eremua hirietako aisialdirako zonaldea dela, ez dute ulertzen dinamika propioak eta bere erritmoak dituen komunitate oso bat bizi dela” dio Luis Zaballak. Dozenaka hiritar pasa dira bere etxe aurretik azken hilabeteetan, eta batekin baino gehiagorekin izan du talka: “Gaztainondo batzuk ditugu etxetik gertu dagoen lursail batean, hiritik etorritako batzuk aurkitu nituen saski bete gaztaina jasotzen. Gaztaina batzuk edo sagar bat hartzea ulergarria da, bi saski ez. Lursaila gurea zela azaldu nien, eta nirekin eztabaidan hasi ziren, eskriturak erakusteko esan zidaten”.

Jende askok landa inguruan nola jokatu behar den ez dakiela uste du Zaballak: “Guk ondo dakigu Bilboko kale nagusian ezin garela zabalik ikusten dugun lehenengo atarian sartu, ez dut ulertzen zergatik den hain zaila jokamolde hori bera hona ekartzea”.

Internet bidez harremanak mantentzea ez da lan xamurra Aiaraldeko herri txikietan, konexio arazoak direla eta

Komunitatean bizitzea

Urte luzez ahaztuak izan direla sentitzen dute bertako bizilagunek. “Egia da guk oso ondo bizi izan dugula pandemia orokorrean, ez dugu hiri bateko etxebizitza txiki bateko estutasuna jasan”, dio Pedro Fonte Belandiako Administrazio Batzarreko lehendakariak, “baina urte askoren ostean, herri txikietakoak etxe handiak direlako gogoratu dira soilik gutaz, baserri handiak eta larre zabalak baino askoz gehiago gara”. “Lehen sektorea existitzen ez dela uste du jende askok” kexu da Luis Zaballa, “ez dute ulertzen herri txikietako ekoizleok bizitza modernoaren zenbat gauza eusten ditugula”. Herri txiki batean bizitzeak komunitate baten eraikuntza eta zaintza etengabea eskatzen duela nabarmendu dute: “Beti dago egin beharreko lanen bat ez bada zure etxaldean, aldamenekoan edo bestela kontzejuan, herriko kontu desberdinak antolatzen: azpiegiturak konpondu, fakturak ordaindu...” azaldu du Noemi Llorentek.

Izan ere, antolakuntza komunitario handi batek markatzen du Aiaraldeko herrixken egunerokoa, COVID-19ak modu batean edo bestean baldintzatu duen antolakuntza. Eliseo Gutierrezek Lendoñobeitiko kontzejuan parte hartzen du bertako idazkaria baita, ohikoan bi hilabetean behin elkartzen dira; aurten bi bilera egin dituzte bakarrik, eta auzokide gutxiagok hartu dute parte: “Herriari dagozkion erabakiak hartzeko gaitasuna daukagu, ezin dugu auzokideen inplikazioa galdu, bestela beste nonbaiten hartuko dira guri dagozkigun erabakiak”. 

Hirietatik herrietara “migrazio” bat gertatzen ari den honetan herri txikiak ezin direla “lo-leku” huts izan defendatu dute Aiarako bizilagunek: “Herri txikien etorkizuna ez da hortik igarotzen, herriko antolaketan inplikazioa behar dugu, lehen sektorean inplikazioa behar dugu. Hona bizitzera datorren jendeak ez badu hemen inplikatzeko intentziorik, herri handiago baten auzo 'esklusibo' bihurtuko gara, ez komunitatean bizi eta aurrera egiten duen herri bat”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide