Hiru bertso saio egongo dira datozen egunetan Aiaraldean

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko abenduaren 22a

Maialen Lujanbiorekin batera Euskal Herriko finalistak arituko dira kantuan Amurrion.

Urduñan bertso jaialdia antolatu dute abenduaren 26rako, eta Amurrioko ohiko saioa urtarrilaren 2an izango da.

Gabon garaian kantuak entzuteko aukera ugari egongo dira eskualdean, baita bertsoak ere. Izan ere, datozen egunetan hiru emanaldi egongo dira, Laudion, Urduñan eta Amurrion hain zuzen.

Laudion, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita ariko dira kantuan Basalarrina elkartearen eskutik, abenduaren 24an. 12:00etan izango da hitzordua elizako arkupeetan, "gabonetako azoka" aitzakiatzat hartuta. "Goxo-gabon" ekitaldi sortaren barruan dago eskaintza.

Urduñan, berriz, Oihana Bartra, Sebastian Lizasko , Uxue Alberdi eta Manu Bendala oholtzaratuko dira larunbatean. Frontoia bihurtuko dute eszenatoki, eta 18:00etan hasiko da ekitaldia. Izen-ematea Alondegian egin behar da, abenduaren 25 aurretik.

Bestalde, urteko lehen larunbateko hitzordua mantendu du Amurrioko Udalak, Antzokian antolatzen duten "Bectekada" medio. 19:00etan ekingo diote jardunari Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko finalistek. Aurtengoan, Naroa Sasietaren gidaritzapean Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia bertaratuko dira. Amurriokoa izango da sarrera doakoa ez duen bakarra, 8€ balioko baititu ikuskizunak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide