Tubacexeko zuzendaritzako kideek gutun bat bidali diete hainbat erakunderi enpresaren asmoak azalduz. Zuzendaritzaren aburuz, taldeak bizi duen egoera “jasangaitza” da, eta datozen bi urtetako aurreikuspena “zeharo ezkorra” dela azaldu dute; 18 milioi euroko galerak aurreikusten dituzte 2021erako.
Jesus Esmorisek, Tubacexeko kontseilari ordezkariak, “neurri gogorragoak” hartzeko erabakia jakinarazi du. 150 langileren kaleratzea iragarri zuen enpresak, galera ekonomikoei eusteko helburuarekin. Mahai-gainean neurri “ez traumatikoak” ere jarri izan dituztela azaldu du Esmorisek eta proposamen horiek negoziatzeari uko egin izana leporatu die sindikatuei. Soldatak %9 jaistea eta lanorduak 40 ordutara igotzea zen zuzendaritzaren proposamenetako bat, Esmorisek azaldu duenez.
Tubacexek, ordea, 2024ra arte heltzen diren maileguak ordaintzeko likidezia duela adierazi du berriki; 236,9 milioi euro ditu, hain zuzen.
Enpresa Batzordearen erantzuna
Oharra kaleratu du Tubacexeko Enpresa Batzordeak zuzendaritzaren gutunari erantzuteko. Zuzendaritzaren errelatoa “partziala” dela salatu dute. Gogor kritikatu dituzte enpresaren asmoak, beste behin ere, prentsa bidez ezagutu izana: “enpresaren ohiko modus operandia bilakatzen ari da jokabide hori”.
Azken Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea ezarri zenetik zuzendaritza langileen ordezkariekin batzartu ez dela azaldu dute. Urteko bigarren lan erregulazio espedientean murgilduta daude beharginak eta, nabarmendu dutenez, enpresak ezarritako %20ko ekoizpen mailaren gainetik ari dira lanean: “Zuzendaritzak ez du fabrika hauen etorkizunaren alde apusturik egin nahi ezta langileok ABLEEkin egiten ari garen ahaleginaren aitortu”.
Galera ekonomikoei dagokionez, komiteak azaldu du Aiaraldeko lantegiek Tubacex taldearen irabazien %80a eragiten duten arren, irabazi hauek beste fabrika batzuei aitortzen zaizkiela.
Murrizketarik eta kaleratzerik onartuko ez dutela adierazi dute langileek. Enpresa komitearen iritziz, “onartezina da neurri traumatikoagoak prentsa bidez iragartzea komitearekin aurretiaz behin ere elkartu gabe”.
Kaleratzeen aurkako mobilizazioak
Uztailean adierazi zuen Tubacexek langile kostuak %20 murrizteko asmoa, taldeko 500 langile kaleratuz mundu osoan. Eskualdeko plantetan 150 kaleratze eragingo lituzke neurri horrek. Horrekin, 10 milioi euro aurrezteko asmoa zuen enpresak. Langileek kaleratzerik onartuko ez zutela adierazi eta hainbat mobilizazio antolatu zituzten eskualdeko enpleguaren defentsan: