Aiaraldeko Enpresen Koordinaziorako Federazioak antolatutako Aiarako erakusleiho lehiaketaren VII. edizioaren sari banaketa egin zuten iragan abenduaren 23an. Laudioko Udalbatza aretoan burutu zuten ekitaldia, COVID-19aren aurkako neurriek baldintzatuta.
Artziniega, Okondo, Amurrio, Aiara eta Laudioko 40 establezimenduk hartu dute parte aurtengo edizioan. Laudioko Irusta lurrindegiak jaso du epaimahai teknikoaren lehenengo saria. Bigarrena, aldiz, Amurrioko Burutxaga harategiarentzako izan da eta, azkenik, Artziniegako Casa Taidak eskuratu zuen hirugarren postua.
Artziniegan geratu zen ere Arabako Merkataritza Federazioak banatzen duen “erakusleiho ikusgarrienarentzako saria”, La Encina jatetxearentzat izan baitzen.
Aurten, gainera, herri bozketa bidez ere aukeratu da irabazleetako bat. 1456 lagunek hartu dute parte bozketan eta Amurrioko Abascal arropa dendakoa izan da erakusleiho guztien artean bozka gehien jaso dituena. 20 sari zozketatuko dituzte botoa eman duten pertsona guztien artean.
Asteazkeneko sari banaketa baliatu zuten ere Okondo eta Aiarako erakusleiho onenen saria banatzeko; Astobiza upategiak eta Antojo tabernak irabazi zuten, hurrenez hurren.