Argazki lehiaketarekin hasiko du Aiaraldea Hedabideak 2021. urtea. Paisaiak zuritu direla eta, "Elurra Aiaraldean" izango da txapelketaren ardatza. Hala, elurretan ateratako edozein argazki aurkeztu ahal izango da, baldin eta aurtengoa eta bailarakoa bada.
Urtarrilaren 10etik 12ra iraungo du bozkatzeko tarteak. Asteartean 20:00etan jakinaraziko da zein den "Elurra Aiaraldean 2021" argazki lehiaketako irabazlea
Ohi gisa, irakurleak izango dira epaile, eta boto bidez aukeratuko da lan irabazlea. Igandean 20:00etan itxiko da parte hartzeko epea, eta orduantxe ekingo zaio bozketa faseari. Urtarrilaren 10etik 12ra, bi egunez, iraungo du bozkatzeko tarteak. Horrenbestez, urtarrilaren 12an 20:00etan jakinaraziko da zein den "Elurra Aiaraldean 2021" argazki lehiaketako irabazlea.
Atsegite gehien lortzen dituzten irudiak, gainera, urtarrilaren 13ko Aiaraldea Hemen hamabostekarian argitaratuko dira.
Lanak nola bidali
Argazkiak bidaltzeko bi bide egongo dira. Batetik, erredakzioa@aiaraldea.eus postara mezua bidaltzea, eta bestetik 688848152 (Erredakzioa) zenbakira Whatsappa edo Telegram mezua igortzea. Irudiarekin batera egilearen izen-abizenak, eta argazkia ateratako tokia zehaztu beharko dira.
Horrez gain, webgunean zuzenean irudia igotzeko aukera ere badago.