EUROPAKO FUNTSAK

Eskualdearentzako zortzi proiektu estrategiko aurkeztu ditu EH Bilduk, Europako Funtsekin finantzatzeko

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 5a, 19:14
Laudioko Lamuza Parkeko Kasinoan aurkeztu ditu EHBilduk Aiaraldearentzako proiektu estrategikoak. / Aiaraldea.eus

Laudioko Kasinoan egindako agerraldian hasierako inbertsioa 31 milioi euro suposatuko luketen zortzi proiektu estrategiko aurkeztu ditu gaur EH Bilduk, tartean, Eskualdeko Ospitalearen eraikuntza.

Agerraldia eskaini du gaur EHBilduk Laudioko Lamuza Parkeko Kasinoan. Europako Funtsekin finantzatzeko zortzi proiektu aurkeztu dituzte Aiaraldeko EH Bilduko hautetsiek. 31 milioi euroko hasierako inbertsioa suposatuko lukete gaur aurkeztutako proposamenek.

Eskualdeko Ospitalea, Aldiriko tren zerbitzuen hobekuntza, Nerbioiko parke lineala, ekintzailetza kooperatiborako laborategia, sukalde zentraleko sistema, araztutako uren balorazioa, zuntz optikoa eta adinekoen zaintzarako zerbitzuak dira aurkeztutako proiektu estrategikoak. "Aiaraldeak ezin du aukera hau pasatzen utzi eta gure proposamena errealista da eskualdeko proiektu handiei erantzun ahal izateko", azaldu du Joseba Vivanco Arztiniegako alkateak, Europako Funtsei erreferentzia eginez; eta hauen inguruan eztabaidatzeko foro baten beharra aldarrikatu du.

Eskualdeko Ospitalea

Aiaraldeak, 40.000 biztanle baino gehiagorekin, “osasun arloan arazo nabarmenak” dituela adierazi du EH Bilduk. Horregatik, “biztanleriaren gehiengoaren aldarrikapenekin bat eginez” Eskualdeko Ospitale baten erakintza bultzatzeko konpromisoa hartu du.

Koalizioak 10 milioi euroko inbertsioa kalkulatu du proiektua aurrera atera ahal izateko. Abiapuntua herritarren parte-hartzea izango duen osasun baliabideen azterketa sakon batean jarri dute.

Tren zerbitzua indartzea

Tren bide sarearen hobekuntza da mahaigainean jarritako beste proiektu garrantzitsuetako bat. Aldiriko tren-zerbitzuaren gabeziak salatu ditu azken hilabeteetan EH Bilduk: “Aiaraldea Bilbotik 30 kilometrora dago, eta horrek hobekuntza kualitatiboa eskatzen du Bilbo eta Urduña lotzen dituen C3 linean”, horretarako 5 milioi euroko inbertsioa proposatu dute.

Elikadura-sistema eraldatzeko pausoak

Sukalde sistema zentrala da EHBilduk azpimarratu nahi izan duen beste proiektuetako bat. “Eskualdean aurrekaririk ez duen proiektu berri hori balio-kateko eragileen arteko lankidetzatik abiatuko litzateke. Sukalde horrek elikadura-zerbitzua emango lieke zaharrei, pertsona lagunduei, hirugarren adinekoen egoitzei, ikastetxeei, behar bereziak dituzten pertsonei, jantoki sozialei, enpresei, partikularrei...” azaldu dute Lamia Arcas eta Iñaki Ibarluzea zinegotziek.

Hori gauzatzeko lau milioi euroko inbertsioa planteatu dute EH Bilduko kideek.

Nerbioiko Parke Lineala

Aurkeztutako proiektu estrategikoen artean Nerbioiko Parke Lineala berreskuratzea da beste lan-lerroetako bat. Gaur gaurkoz Amurrio-Delika zatia falta da. EH Bilduren iritziz, ibilbidearen azken zati hori behin amaituta, oinezko eta bizikletentzako ibilbide-sare bat sortzeko aukera zabalduko luke.

Sektore desberdinei bultzada emateko Ekintzailetza Kooperatiborako Laborategi bat sortzea, Amurrion adinekoen zaintza erdigunean jarriko duen zentro bat sortzea, eskualdeko herri eta biztanle guztientzat zuntz optikoa eskuragarri jartzea eta Aiaraldeko araztegi berrietan prozesatutako ura prozesu industrialetarako berrerabiltzeko proiektua garatzea dira gainerako proiektu estrategikoak. Azken hauen hasierako inbertsioa 2 milioi eta 1,5 milioi eurokoa litzateke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide