ERREPORTAJEA

AP-68 dohainik izateko plataforma eta dinamikak, abian

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko urt. 27a, 07:00

AP68 autopista erabiltzeagatik bidesari sistema ezberdina dago arabar zein bizkaitarrentzat. Argazkian, Orozkoko bidesaria. / Aiaraldea.eus

2019ko abendutik Diputazioen esku dago AP-68 errepidearen kudeaketa. Bizkaian autopista erabiltzeko tarifa jarri zuten abian, baina Araban Laudio-Gasteiz tartea soilik dago “babestua” aiaraldearrentzat. Horren harira, AP-68 dohainik plataforma sortu dute zenbait herritarrek, doakotasuna bermatzeko.

Zenbat ordaintzen dute Aiaraldetik Bilbo edo Gasteizera mugitu behar duten herritarrek AP-68 erabiltzeagatik? Kepa Alaña AP-68 dohainik Plataformako kideak sakon aztertu ditu datuak, Areta eta Orozkoko bidesarienak batik bat. Bi sarbide horiez gain, Ziorragan du kokatuta sartu-irten gunea autopistak bailaran. 

Espainiar estatuko laugarren errepide garestiena da Areta edo Laudiotik Bilbora doana. "10 kilometro dira Aretatik Bilborako tartea, 12 Orozkon sartuz gero; eta 2.10€ da bere prezioa". Hots, kilometroa 0.21€ ordaintzen da. "Seopan Autopisten Patronalak dio errentagarria dela errepidea 0.09 eurotan. Alegia, bikoitza baino gehiago ordaintzen dugu", aipatu du Alañak. Plataformako kidearen hitzetan, euren eskaera ez da horrenbestekoa: "AP-68an Aragoin 45 kilometro daude doan, eta Errioxan 32. Guk 12 kilometro horien doakotasuna eskatzen dugu, eta Altuberako zatian bonifikazioak jartzea". Norena da horretarako eskumena, ordea?

Areta-Orozko eta Bilbo arteko autopista zatia da Espainiako laugarren garestiena. Kilometro bakoitzagatik 0.21 euro ordaintzen dira zapaldu aldiro

Errepidearen  kudeaketa

Berez, 2011n aldatu zen sistema, "baina Jose Maria Aznar gobernuan zegoela 2026 arte luzatu zuten". 2019ko abenduan, Eusko Jaurlaritzako Diputazioen eskumena izatera pasatu zen, eta hobariak jartzeko aukera ireki zuten. "Ramiro Gonzalezek Orozkon hobariak jarriko zituela esan zuen aiaraldearrentzat. Nahiz eta hauteskunde kanpainetan Araba eta Bizkaiko diputatuek promesak egin, ez dute oraindik ezer bete". Hori dela eta, plataforma eratzea erabaki dute, doakotasun prozesua azkartzeko.

Bizkaian erroldatutakoek A-8 erabiltzeko deskontu tarifa dute, baina AP-68rako ez.  Egun, Gasteizerako noranzkoan soilik dago AP-68an hobari sistema  (15 bidaiatik gora %60ko deskontua hain zuzen).   Funtsean, Laudiotik Gasteizera joan-etorria egiteak 7.50€ balio ditu, "langile batentzat egunero joanda, urtean 798€ dira %60ko hobaria aplikatuta". Aldiz, Aiaratik Bizkaiara autopistaz hurbiltzeko ez dago hobaririk: "Egunean bi bidai Bilbora 4.10€ dira, urtean 1.113€ beraz". AP-68 Dohainik plataformako kideak bonifikazioen aurka daude, eta garraio jasangarriaren alde: "Errepideak eraikitzearen kontra gaude. Hobariek beharrezko bidaiak baino gehiago egitea sustatzen dute, deskontua bestela ezin baita jaso". Alañaren iritziz, ehunka lagun dira egunerokoan Gasteizera doazenak, "Mercedes lantegira bakarrik 275 aiaraldear doaz". Bi galtzadak -autopista eta errepide nagusia- paraleloki doaz kasik, eta segurtasuna kolokan dutenean eguraldiagatik soilk hartzen dute askok autopista. "Segurtasuna ezin da izan ordaindu beharreko luxua, eskubidea baizik", zehaztu du. 

Autopistaren erabilera merketzeko proposamenak landu izan dira zenbait udaletan gaur arte, "baina ez da ezer egiten". Horregatik erabaki dute plataforma sortzea, "alderdikerietatik urrunduta".

Autopista doakotzeak denbora eta kutsadura txikitzea eta segurtasun handitzea eragingo lituzke, plataformaren iritziz

Diputazioaren azterketa 

Arabako Diputazioan autopistaren ordainketa sistema aztertzen ari dira. "Hiru aukera dituzte mahaigainean: aurrekontu bidez finantzatzearena AP-68a, zerga bereziekin ordaintzea edo erabileraren arabera kobratzea. Ponentzian parte hartzeko gonbita jaso dugu, baina ukatu egin dugu. Soluzio azkarra du honek: doakoa izatea. Gure ustez, EAEko errepide guztien gastuak aztertu beharko lirateke, eta ibilgailu denen artean zerga bidez banatu", azpimarratu du, "txirrindularien ere segurtasuna handitzea eragingo luke horrek garraio astunak ere bertatik bideratuko balira".  Zentzu horretan, eskualdeko elkarteen atxikimendua lortu dute: Amurrio, Laudio eta Urduñako txirrindulari elkarteena eta Kuskumendi taldearena.  Aurrera begira, dinamika berriak dituzte buruan. Sare sozialen bidez zabalduko dituzte deialdiak, aurkezpena eta auto karabana kasu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide