ERREPORTAJEA

Urrats bakoitza kalkulatzearen garrantzia

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko urt. 31a, 06:30
Hiru bilaketa handi egin zituzten iaz Aiaraldean. / URV Ertzaintza

Mendi erreskateak ugaritu egin dira azken urtean. Arrazoia argia da: jende gehiago doa mendira, eta halabeharrez, istripu gehiago gertatzen dira. Estatistika hutsa. Istripuen atzean, ordea, prestakuntza falta, arriskuen ebaluazio eza eta gehiegizko konfiantza daude askotan.

Geroz eta herritar gehiagok jotzen dute mendira eta natur-guneetara kirol-jarduera desberdinak gauzatzera. Pandemia garaian arnasgune bilakatu dira Aiaraldeko mendiak. Igoera honek, erreskateen gorakada ere eragin du, eta urte hasierako elurteak erreskate horiek are ikusgarriagoak bilakatu ditu, herritar askoren arreta erakarriz. Mendizaleen artean kezka hedatu da.

Larrialdi zerbitzuek bi eratara sailkatzen dituzte jasotako abisuak: Bilaketak eta erreskateak. Bilaketak mendi inguru batean lokalizatu gabeko pertsona edo talde baten bila egindako interbentzioei deritzote. Operazio handiak izaten dira: 50 lagunetik gorak hartzen dute parte, laguntza boluntarioa kontuan hartuta. Horrelako 3 operazio burutu zituzten Aiaraldean iragan urtean; azkena Orozkon, uztailaren 13an, mendian desorientatu ziren 5 lagunen bila.

Erreskatea, aldiz, laguntza eskatu duen pertsona lokalizatuta eta eremua ezaguna denean izendatzen da. Kasu horietan jarduten duen pertsona kopurua askoz murritzagoa da, 5-6 lagun ingurukoa, eta Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateak (ZEU) hartzen du parte bertan.

Larrialdi Zerbitzuek, bataz beste, hilabetean bi aldiz erantzun dituzte landa eta mendi eremutik  jasotako laguntza deiak

2020. urtean mota horretako 21 interbentzio gauzatu dituzte Larrialdi Zerbitzuek Aiaraldeko mendiguneetan. Batazbeste, hilabetean bi aldiz erantzun dituzte landa eta mendi eremutik jasotako laguntza deiak, hilabete eta erdiko itxialdia kontuan harturik. Artatutako istripuen artean, mendi bizikletarekin erlazionatutako lau interbentzio kontabilizatu dituzte.

Heriotza Iturrigorrin

Zorigaiztoko zifra batekin itxi du eskualdeak mendiko erreskateen urtea: abenduaren 5ean 52 urteko Aiaraldeko bizilagun batek bizia galdu zuen Tologorri mendi magalean. Hipotermiaren ondorioz konortea galduta zendu zen. Sasoiko lehen elurteek, lainoak eta haize bortitzak asko zaildu zuen erreskatea. Larrialdi  Zerbitzuek ordu asko eman zituzten Menerdigako ataka inguruan mendizalea jaisteko lanetan.

21 erreskate egin dira guztira Aiaraldean 2021. urtean zehar

Erreskateen kostua

Mendi erreskateek kostu bat dute beti, mobilizatu behar diren erreskate zerbitzuetako kideengatik edota helikoptero eta bestelako azpiegituraren erabileragatik ezarria. Ohikoan erreskateak ez dira kobratzen, baina badira salbuespenak: kirol jarduera arriskutsuak direnean, abisu meteorologiko laranja edo gorria indarrean dagoenean...

Endika Larrazabal Mendiko Lagunak taldeko kidea da eta federatzeak duen garrantzia nabarmendu du: “Gure ustez ezinbestekoa da federatuta egotea natur ingurune batean kirol jarduerak burutzeko. Erreskateen kostuak barnebiltzeaz gain, arreta mediku espezializatua eskaintzen du federazioak”.

Larrialdi Zerbitzuek interbentzioen gorakada sumatu dute. Euskal Autonomi erkidegoan 2019an egindako erreskateak ez ziren 400 iristen, eta iaz 500 baino gehiago izan ziren; 100 ezbeharren aldea dago.

Jendea gehiago doa mendira, eta halabeharrez, proportzioan istripu gehiago gertatzen dira. Julen Reketa mendi gidariak ere bat egiten du ekuazio horrekin. Pandemiak herritar asko mendira bultzatu baditu ere, zaletasunaren gorakada lehenagotik datorrela dio: “Natur guneetako jardueren gorakada azken urteetako kontua da. Mendia eta bertan egiteko ekintzak kontsumorako gai bezala aurkeztu dira, informazio gaindosia dago eta gauza oso goxo eta atsegin bezala aurkeztu digute, kontsumitzaile huts bihurtu gara”.

Oso kritiko azaldu da Reketa mendizaletasun ereduarekin: “Medio naturaletatik geroz eta urrunago bizi gara eta denbora tarte mugatu batean disfrutatzeko produktu bezala ikusten ditugu, presaka eta oso modu lehiakorrean gainera”.

Julen Reketa mendi gidaria oso kritiko azaldu da naturguneetan gozatzeko hedatzen ari den kontsumo jarrerarekin

Endika Larrazabalek ere igarri du geroz eta jende gehiago doala mendira azken boladan. “Pandemiak modu batean edo bestean bultzatu egin du zaletasunaren hazkuntza, neurri murriztaile desberdinek kirol jarduera oso eskuragarria bilakatu dute mendia, kirol instalazio asko itxita daudelako edota lagunekin sozializatzeko dugun medio bakanetakoa delako agian”.

Ezagutza eta prestakuntza

Istripuak eta ezbeharrak ekiditeko, bilakaera jarraikor batekin lotu du mendizaletasuna Mendeikako mendi-gidariak. “Ezinbestekoa da etengabeko prestakuntza, egoera desberdinei aurre hartu ahal izateko”.

Osatuko den ibilbidea aurretiaz planifikatzea eta eremuaren gaineko ezagutza izatea ere ezinbestekoa da, baita inguru naturalak eskaintzen dituen seinaleak interpretatzen jakitea ere.
Prestakuntza fisikoa eta material egokiaren hautaketa ere nabarmendu ditu Julen Reketak. “Jakitun izan behar gara daukagun gaitasun fisikoaz, eta jarduera zehatz bat egiteko beharrezko dugun materialaz”. Ñabardura txiki bat ere gaineratu du: “Askotan material garesti bat izateak ate guztiak zabaltzen dizkigula uste dugu, baina ez da horrela. Garrantzizkoagoa da ekipamendu hori erabiltzen jakitea: munduko kranpoirik onenak izan ditzakegu baina horiek erabiltzen ez badakigu alferrikakoak dira”.

Aiaraldeko mendiak arrisku gabeak diruditen arren, egoera klimatologiko konkretuetan Pirinioetako baldintzak aurkitu daitezke bertan

Mendiak tranpa bihurtuta

Eskualdeko mendiek arriskutsuak ez diruditen arren, edozein baldintza aldaketek tranpa bihurtu ditzake une batetik bestera. Horregatik “medioaren ezagutzak” duen garrantzia azpimarratu du Reketak. “Baldintza klimatologiko desberdinek zeharo alda dezakete gure ibilbidea. Egun eguzkitsu bat ez da baldintza optimoen adierazle, beste faktore batzuk hartu behar dira kontuan”.

Larrazabalek ere bide beretik jo du: “Kontuan hartu behar dugu gure inguruko mendiak ez direla berdinak udan zein neguan. Eskualdeko mendietan Pirinioetako baldintza berdinak izan ditzakegu egun konkretu batzuetan: tenperatura oso baxuak, hipotermia arriskuak, elur-jausiak... Ezinbestekoa da gomendioak jarraitzea, ibilbidea ondo planifikatzea eta eguraldia arretaz kontsultatzea".

Elurraren etorrera

Mendien baldintza aldakor horren adibide izan da urte hasierako elurtea. Elurraren etorrerak Aiaraldeko bizilagun asko eta asko liluratu ditu, baina maldetan gerta daitezkeen arriskuak ere asko areagotu ditu.

Azken elurtea, gainera, ezohikoa izan da eta eskualdeko paisaiak eta egoera zeharo aldatu ditu, inguru askotan goi-mendiko neguko baldintzak sorraraziz. Denbora laburrean gertatutako elur pilaketa azkarra, haize boladak eta 30-40 graduko inklinazio duten maldak elur-jausiak gertatzeko osagai perfektuak dira. Gorobel, Ganekogorta eta Gorbeia inguruetan baldintza guzti horiek elkartu dira elur-jausien irudi ikusgarri bezain arriskutsuak utziz.

Jendea gehiago doa da mendira orain, eta halabeharrez, istripu gehiago gertatzen dira

Larrialdi Zerbitzuek Babes-Zibilaren laguntzarekin batera, Ganekogorta mendira igoera itxi zuten elur-jausien arriskuaren aurrean ezbeharrak ekiditeko. Ertzaintzaren ZEU unitateak, gainera, helikopteroz ikuskatu ditu Aiaraldeko mendizerrak, elur-jausiak identifikatzeko.

Informazio beharra

Pauso bat harago ematea eskatu du Julen Reketak: “Ertzaintzak zabaldutako Gorbeiako elur-jausien irudi ikusgarriek oihartzun handia izan dute baina informazioa faltan botatzen dut nik. Jendeari azaldu behar zaio zergatik gertatzen diren elur-jausiak, zeintzuk diren hauen sorrera eragiten duten fenomenoak, eta hauei nola egin aurre”. Informazioaren beharra aldarrikatu du mendi-gidariak. Edozeren inguruan informazio demasa dagoen honetan, hain zuzen, mendi inguruneko arriskuak saihesteko informazio kontrastatua faltan botatzen du Julen Reketak. “Arriskuen ebaluazio egoki bat egiteko informazioa behar du mendi-ingurune batera jardueraren bat egitera doan orok. Interneten milaka eta milaka datu aurkitu daitezke, ibilbide desberdinen ingurukoak esaterako, baina informazioaren kontraste egokirik gabe arazo larrietan sartzeko arriskua dago”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide