Gorobel mendilerroko abeltzaintza babesteko alegazioak aurkeztu ditu EH Bilduk

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko ots. 3a, 12:00

Ponata inguruko abeltzaintzara bideratutako etxoletako bat. / Xabier Valle Alava (Mendikat)

Guztira, 37 alegazio aurkeztu dizkio EH Bildu Aiaraldeak mendigunearen aprobetxamendua eta gozamena arautzen duen ordenantzari. Aiara, Amurrio, Artziniega eta Okondo udalerriei eragiten die araudiak. 

EH Bildu Aiaraldeak 37 alegazio aurkeztu dizkio Gorobel mendilerroaren aprobetxamendua eta gozamena arautzen duen ordenantzari. Mendilerroaren pribatizazioa eta gehiegizko ustiapena saihestea, baserritarrak babestea eta etxolen kudeaketa dute helburu alegazio horiek. 

"Abeltzaintza estentsiboa eta, beraz, abeltzaintza-ustiategien bideragarritasuna defendatu nahi dugu eta, aldi berean, natura-ingurune bizi bat mantentzearen alde egiten dugu. Hori da gure programan defendatzen duguna eta etorkizuneko belaunaldiei utzi nahi dieguna. Horregatik egiten dugu lan Aiaraldea bizi baten alde, abeltzaintzarekin eta ingurumen ondarearekin" azaldu du Koldo Mendioroz Aiarako EH Bilduko hautetsiak.

Mendiei buruzko Foru Plana betetzea eskatu du koalizio abertzaleak, Besteak beste, honakoa aldarrikatu dute: egutegia errespetatzea, bazkatu daitekeen abelburuen gehieneko kopurua eta aziendaren mugimendua zaintzea eta abelburu mota bakoitzerako kuotan soberakinak banatzea.

EH Bilduren iritziz, arauan ezarritako aprobetxamendua betetzea ezinbestekoa da abeltzaintza estentsiboa babestu eta zero kilometroko lehen mailako produktuak ekoizten dituzten baserritarrak babesteko.

Etxolen inbentario bat egitea ere eskatu du koalizioak, artzaintzarako erabiltzen direla bermatzeko

Mendilerroko txabolak

Mendilerroan zehar banatuta dauden etxolak ondo erabiltzen direla zaintzea ere eskatu du koalizioak. Txabola horietako asko, bere garaian abeltzaintzara bideratuta egon arren, jarduera hori garatzen ez duten pertsonen esku daude gaur egun. Horregatik, bost urtean behin txabolen errolda eguneratzea proposatu du EH Bilduk.

Proposamena da etxola horiek abeltzaintza jarduera makilarekin burutzen duten pertsonei gordetzea eta, jarduera uzterakoan, Salbada Mendilerroko Ermandade Zaharraren jabetzara igarotzea. "Jarduera belaunaldiz belaunaldi aldatzen denean bakarrik transmititu ahal izango da" nabarmendu du EH Bilduk.

Gainera, etxola horiek birgaitu eta berreraikitzeko plan bat mahaigaineratzeko beharra ere azpimarratu du talde politikoak. "Era berean, horiek erabili ahal izateko, artzaintza-lanak egiten dituen pertsonak gutxienez 120 ardi eduki behar ditu, gutxienez hamar urtez, eta beste bost urtez luzatu ahal izango dira. Artzaintzarekin zerikusirik ez duen beste edozein erabilerak Ermandadearen baimena izan beharko du", azaldu dute koalizioko kideek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide