Aitortza esanguratsuak jaso dituzte Aiaraldeko bi txakolinek. Artomaña Txakolindegiko Xarmant ardoa New York Times egunkarian agertu da, 20 dolarretik beherako munduko 20 ardori buruzko artikuluan. “Egunkari horren arabera, Xarmant da ardo onenetariko bat kalitatearen eta prezioaren arteko harremanari dagokionez, eta hori botilaren prezioa 19,9 dolarrekoa denean”, azaldu du Jose Antonio Merinok, Arabako Txakolina jatorrizko izendapeneko idazkariak.
Astobiza Txakolindegiko Malkoa edariak, bere aldetik, zilarrezko sailkapena jaso du Decanter aldizkarian, 93 punturekin, Espainiar Estatuko ardo zuriei buruzko artikulu batean.
Iaz, uzta oparoa
Inoizko uzta oparoena jaso zuten iaz Aiaraldeko upategiek. 714.000 kilo inguru bildu zituzten (2019an baino %57 gehiago), eta 655.000 txakolin botila inguru ekoiztea ahalbidetuko die horrek. Hala ere, biltegiratze arazoak sortu dizkie lorpenak, salmentak txikitu direlako pandemiaren ondorioz.