"Egoera onartezina da, baita administrazioak daukan pasotismoa ere", adierazi du Aritza Arrazuria opellorarrak. Txabarri auzokoa da bera, eta 2 ume ditu. "Aspalditik ditugu arazoak Etxaurren Ikastolako garraio zerbitzuarekin, Opellorako bidea ez omen da egokia 'txiki bus' bat igotzeko", adierazi du.
Arrazuriaren ustez, errepidea zabala eta segurua da, "egunero ibilgailu mordoa doaz gure auzotik gorago dauden lehen sektoreko industrietara, 31 tonako kamioiak ere pasatzen dira bertatik; eta, aldiz, txiki bus batek igotzeko arazoak omen ditu".
"Administrazioari ahoa betetzen zaio esaten landa eremuen berreskurapenean ari dela, baina errealitate krudela beste bat da"
Arrazuriarena bezala, badira beste zenbait familia egoera berean, azpimarratu duenez. "Administrazioari ahoa betetzen zaio landa eremuen berreskurapenean ari dela esaten, baina errealitate krudela beste bat da".
Irtenbide gisa, 800 metrora duten geltoki bat proposatu diete, "beste aukerarik eman gabe". Alabaina, geraleku horrek ez du markesina ez klimatologiatik babesteko azpiegiturarik, "eta hori ez da larriena, oinez joan behar gara nahiko aldapatsua den bidetik 5 urteko bi umerekin, 2 urteko beste haur batekin eta 9 hilabeteko jaioberriarekin".
Horrez gain, galtzadak ez du espaloirik ez argiztapenik ere: "Gainera, euria zein eguzkia egonda, lupetzez betetako berdegune batean itxaron beharko dute autobusa heldu arte; eta gero, bueltan, arazo berbera dute". Ibilbide osoa bideoz grabatu du gurasoetako batek:
Hezkuntza araudia
Afera, baina, hezkuntza eremukoa da; eta ondorioz, Aiarako Udalak ez du esku hartuko. "Hezkuntzako ordezkaritzak ezartzen ditu eskola garraioko irizpideak", aipatu du Gentza Alamillo alkateak.
Cuadrabus ari da uneotan zerbitzu hori kudeatzen. Idoia Cuadrak Hedabideari argitu dioenez, "Aiara osoan badira halako kasu gehiago, etxe edo baserri asko daude egoera beragatik ezin bertaratuta".
Araudia eta legea, ordea, Hezkuntza Sailak jartzen ditu. "Arazo hori beti egon da, eta gurasoei dagokie topalekuetara ikasleak eramatea. Hezkuntza araudiak dio herrietan geralekuak egon behar direla eskolako garraio zerbitzua bideratzeko".
Opelloran bezala, Beotegin, Izorian edo Menagarain antzeko egoerak bizi dituzte, Cuadrak erantsi duenez. "Opellorako kasuan, Ertzaintzaren txostenak arriskutsutzat eman zuen geralekurako errepide eremua. Horrenbestez, nork hartuko du ardura bertaraino igotzeko? Horregatik planteatu da Opelloran gune hori. Beste autobus konpainiak lanean aritu direnean ere arazo bera egon da, ez da gure enpresaren erabakia izan".
Hezkuntza Sailaren erantzuna
Hezkuntza Saila arduratzen da eskoletako garraio zerbitzuaren kudeaketzaz. Aiaraldea Hedabideari argitu diotenez, Ertzaintzaren txostenak ez ezik, Arartekoarenak ere jasotzen du errepidearen arriskua: "Arriskuagatik ezin da zerbitzua eman, enpresarekin eta familiarekin harremanetan jarri gara; eta horregatik hartu da erabakia".
Hezkuntza Saileko komunikazio arduradunaren hitzetan, bidea zabala da "baina ez da norabide bakarrekoa". Ondorioz, umeak edo pertsona gehiago aterako balira bertara, ezingo litzateke segurtasuna bermatu: "Oso arriskutsua da garraio zerbitzua hara goraino eramatea. Familiak Arartekoaren txostena jaso du ere, eta arriskuagatik ezin dela zerbitzua eman dio".
Horrenbestez, Hezkuntza Sailak garraio zerbitzua eskaini du, "baina autobusekoen zein beste ikasle eta umeen segurtasuna bermatu behar da. Horregatik hartu da erabakia".