MARK VIZCAINO MUÑOZ

"Euskal Herrian mendiarekiko duzuen zaletasuna ez dago inon, giroak ez du parekorik"

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko ots. 21a, 07:00

Mark Vizcaino, mendi lasterketan. / M.V

MARK VIZCAINO MUÑOZ (Sant Joan de les Abadesses, Herrialde Katalanak, 1999) mendi korrikalaria da. Aiaraldean bizi da egun, ikasketak eta kirol txapelketak uztartzen baditu ere. Euskal Herriko giroak erakarri zuela dio, "eta mendiarekiko dagoen zaletasunak".

Nolatan bukatu duzu Aiaraldean bizitzen?

Ni mendi korrikalaria naiz, eta hemen zaletasun handia duzue, modan dago. Gasteizko lagun batzuk ezagutu nituen, eta hemengo unibertsitatera joateko ahalegina egin nuen. Plaza lortu nuen, eta hemen nago.

Kirolak mugitu zaitu orduan hona?

Duela 7 urte hasi nintzen mendian lasterka. Jende asko bezala, futbolean hasi nintzen, baina erdi-derrigortuta, zerbait egin behar zelako, aitak zerbait egitea nahi baitzuen. Alabaina, zapatila batzuk oparitu eta korrika egitera engantxatu nintzen. Orain horretan nabil %100ean.

Eskualdean zein Euskal Herrian, mendi lasterketa asko antolatzen dira. Zenbatetan hartu duzu parte?

Askotan. Gorbeia Suzienen duela 2 urte izan nintzen, iaz ez baitzen egin. Aurten, aukera balego, errepikatzea gustatuko litzaidake. Mugagabe Trailean ere lehiatu naiz, nahiko emaitza ona lortu nuen. Arrigorriagan ere ibilia naiz. Hala ere, nire motibazio handienetako bat hemengo lasterketaren bat irabaztea da, eta euskara ikastea.

"Nire motibazio handienetako bat hemengo lasterketaren bat irabaztea da, eta euskara ikastea"

Zegama Aizkorrin ere egon nintzen, gazteen mailan hirutan hartu dut parte: hamargarren, zazpigarren eta bosgarren sailkatu naiz, hurrenez hurren.

Bidaiatzeko zortea izan dut, baina ilusio berezia egingo lidake Zegama-Aizkorriko proba nagusian parte hartzeak. Kataluniatik espresuki etortzen ginen Zegamako lasterketara.

Zer du ba Euskal Herriak, mendi kirolariak horrenbeste erakartzeko?

Nire esperientzia, oraingoz, ez da horren handia. Espainiako Estatuan toki askotan izan naiz, baina ez du Euskal Herriarekin zerikusirik. Hemengo zaleek ez dute parekorik, eta ingurune aniztasun handia duzue. Bestalde, mendiarekiko duzuen maitasuna ez dago beste inon. Nire herrian zaletasun handia dago, mendialde pribilejiatuan bizi baikara (Gironako Pirinioetan), baina ez dago hemen bezain errotuta. 

Zeintzuk dira zure helburuak, etorkizunari begira?

Ikasketak amaitzea batetik, eta aurten aukera badut Espainiako Kopan lehiatzea, duela 2 urte irabazi egin nuen eta. Sei proba dira, eta horietako lauk puntuatzen dute. Zumaian lortu nuen garaipena, berezia izan zen hori niretzat. Horretarako sendo entrenatu beharko dut: prestatzaile propioa dut, eta nire anaia nutrizionista denez beraren aholkuak jarraitzen hasi naiz aurten. 

Herrialde Katalenetan nola bizi duzue mendi giroa?

Gune pribilejiatua da gurea, eta atzerritar asko etortzen dira, baita Bartzelonatik ere. Oso giro ona dago. Herrialde Katalanetan, Granadan eta Euskal Herrian oso mendi korrikalari onak daude. Girona aldean, Andorratik gertu (Vall de Núrian) bizi naiz ni. 

Zer botatzen duzu faltan handik?

Familia eta lagunak, hasieran batez ere. Horrez gain, zure kabuz egin behar duzu aurrera hemen; eta heldutu egiten zaitu horrek. Orain ez dut horrenbeste botatzen faltan. Hemen ondo nagoela esan nahi du horrek.

Eta hemendik, zerk harritu zaitu gehien?

Giroak. Oso ondo hartu naute lehen minututik, ongi-etorri ona egin didate. Ingurunea asko gustatzen zait. Zortea badut, hemen geratuko naiz. Bestalde, hizkuntzak ere arreta piztu dit, euskara ikasi nahi dut. Gure herrian arraro begiratzen dizute katalanez hitz egiten ez baduzu; baina hemen ez da hori gertatzen gaztelerarekin.

Hskundeak izan berri dira Katalunian. Nola ikusten duzu hauteskunde edo egoera politikoa, urrunetik?

Egia da Herrialde Katalanek eta Euskal Herriak badutela antzekotasunik. Selekzioaren jantziarekin lehiatu naizenean asko nabaritzen da euskaldunen animoek gora egiten dutela. Egoera politikoari dagokionez, independentzia nahi duen jende asko dago, baina baita nahi ez duena ere. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide