Greba mugagabea deitu du Tubacexeko Langile Batzordeak datorren astelehenetik aurrera. Modu horretan emango diote jarraipena bihar abiatuko duten mobilizazio zikloari. Bihar 24 orduko greba egingo dute beharginek, eta mobilizazioa egongo da 18:00etan, Laudioko lantegitik abiatuta.
Ostiralean jarraipena emango diote lanuzteari, eta kotxe karabana egingo dute fabriken sarreretatik abiatuta.
150 langile kalera
Kartak mahaiaren gainean jarri ditu Tubacexeko zuzendaritzak: 150 langile kaleratu nahi ditu Enplegua Erregulatzeko Espedientearen bidez, eta Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espediente berria ezarriko die behargin guztiei martxoaren 29tik irailaren 10era, %60ko gehienezko erregulazioarekin. Hala adierazi zieten multinazionaleko buruek Enpresa Batzordeko kideei astelehen arratsaldean eginiko bileran.
Bileratik atera bezain laster jakinarazi zuten sindikatuek greba mugagabea egiteko asmoa, eta gaur baieztatu dute bide hori jarraituko dutela.