Tubacexeko langileen mobilizaziora batuko dira PSE-EE, EH Bildu eta Orain Amurrio

Txabi Alvarado Bañares 2021ko ots. 11a, 09:28
Gaur 24 orduko greba egiten ari Tubacexeko langileak. Irudian, Amurrioko lantegiko piketea, gaur goizean. / Maddi Isasi Azkarraga

Valvospaineko langileei ere elkartasuna adierazi diete talde eta alderdi politikoek. 

Prentsa oharrak plazaratu dituzte eskualdeko hainbat alderdi eta talde politikok Tubacexeko lan-gatazkaren eta, oro har, eskualdeko egoera sozioekonomikoaren inguruan. 

Aiaraldeko EH Bildu izan da oharra plazaratu duen taldeetako bat. Tubacexeko zein Valvospaineko egoerak gogoan izan ditu koalizioak, eta nabarmendu du ez direla kasu isaolatuak. “Zoritxarrez, etorkizunean kasu gehiago egongo dira euskal ekonomiaren egiturazko arazoak azaleratu dituen pandemiak eragindako krisi sozioekonomikoaren ondorioz”, azaldu du  Eba Blanco de Angulok, “enpresa-sektore jakin batzuk egoera baliatzen ari dira plantillak murrizteko eta etekina epe laburrean bilatzeko, lan-baldintzak hondatzearen eta enplegua suntsitzearen kontura". 

Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio EH Bildu. Enpleguaren aldeko “jarrera aktiboa” eskatu dio talde politikoak gobernuari, eta proposamen zehatz bat egin du: "Inteligentzia Ekonomikoaren Euskal Institutua sortzea, gure ekoizpen-sarea etengabe miatzeko eta prebentzioz esku hartu ahal izateko; zailtasunak dituzten enpresei laguntzeko protokolo integral bat, aholkularitzatik kapital publikoa sartzetik eta enpresei likidezia ematera, erreskateetan esku hartzeko eta enpresa estrategikoei edo zailtasunetan daudenei kapitala emateko funts bat sortzeko". 

Aiaraldeko Ponentzia Sozioekonomikoa EH Bilduk abiatu zuela gogorarazi du baita Blancok, eta horretan lanean jarraituko dutela ziurtatu du. 

Aiaraldeko Ponentzia Sozioekonomikoan lan egiten jarraitzeko asmoa plazaratu dute EH Bilduk eta PSE-EEk

Orain Amurrioren adierazpenak

Orain Amurriok ere egin du bat Tubacexeko langileek deitutako mobilizazioekin, eta herritarrei ere luzatu diete bertaratzeko deia. Valvospainen kaleratuko dituzten 79 beharginak ere gogoan izan ditu Amurrioko talde politikoak, eta elkartasuna adierazi nahi izan die. 

PSE-EEren oharra

Alderdi sozialistak ez ditu Tubacex edo Valvospain zuzenean aipatu, baina “erabateko elkartasuna” helarazi die “azken hilabeteetan hainbat enpresetan egon diren itxiera eta berregituraketa planengatik” kaltetuak izan diren langileei eta euren familiei, eta mobilizazioetara batuko direla ziurtatu dute. 

PSE-EEko kideen aburuz, gertaera horiek “eskualde osoan” dute eragina, enpleguari eta industria ehunaren mantentzeari dagokionez. Gauzak hala, Eusko Jaurlaritzako Elkarrizketa Sozialerako Mahaia sustatuko dutela nabarmendu dute sozialistek, eta Aiaraldeko Ponentzia Sozioekonomikoa baliatuko dutela aurreratu dute, “eskualdeko aktibazio ekonomikoa, industria jarduera eta enplegua mantentzeko neurriak sustatzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide