Indartsu hasi dute Tubacexeko langileek kaleratzeen aurka abiatutako mobilizazio zikloa. 24 orduko grebarekin hasi dute eguna eta jarraipena erabatekoa izan da, sindikatuek nabarmendu dutenez. “Zuzendaritzako kideak eta zerbitzu minimoak baino ez dira sartu lantegira”.
Tentsio uneak bizi izan dira enpresako goi-karguak Laudioko lantegira sartu direnean. Ertzaintzak pasabidea egin behar izan die autoei, baina ez da kargarik egon.
Arratsaldeko mobilizazioa ere oso jendetsua izan da, irailean egin zenaren parekoa. 1.000 lagun inguru batu dira. Valvospaineko langileek suhiltzaileen parkearen parean itxaron dute manifestazioa, eta txalo zaparrada artean sartu dira jendearen artean.
Tubacexeko langileek eskerrak eman dizkiete mobilizazioetan parte hartu duten herritar guztiei. “Ez gaude hemen pena emateko, ezta ezkortasuna erakusteko ere”, nabarmendu dute, “indartsu eta elkarrekin gaude, eta ziur gaude ez garela gu egoera honen arduradunak. Borroka egin behar dugu eta burua altxatu”.
Borrokan jarraituko dutela ziurtatu dute beharginek, “kaleratzeak mahai gainean” jarraitzen duten bitartean. “Berriro diogu zuzendaritzaren helburua osasun-krisi hau euren mesederako baliatzea dela; eta gurea, aldiz, lanpostu guzti-guztiak defendatzea baino ez dela”.
Bihar ere 24 orduko greba burutuko dute langileek, eta kotxe karabanak egingo dituzte fabriken sarreretatik abiatuta. Astelehenean, aldiz, greba mugagabea abiatuko dute.