Ertzaintzak hainbat pertsona zauritu zituen atzo Tubacexen eginiko kargetan, borrak eta foam balak baliatuta. Hala ere, polizia sindikatuak aipatu du 15 agente zauritu zirela protestetan. Horregatik, giza baliabide eta material gehiago eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari.
ESANen hitzetan, poliziek ezin dituzte gomazko pilotak erabili, Iñigo Cabacasen heriotza jaso zenetik. Garai hartan,“ordura arte baliatutako metodoen defentsa” egin zuela gogorarazi du polizia-eragileak, “baina ulertu genuen material ez horren sendoak erabiltzeko beste lan metodo batzuk baloratu behar zirela”. Hala ere, eragilearen aburuz, gomazko pilotak eta eskopetak alboratzeak agerian utzi ditu poliziak dituen gabeziak baliabideei dagokionez. Izan ere, “ezohiko biolentzia” duten gertakariak ezin dira “metodo indartsuak” baliatu gabe bideratu. “Ezin dira 24 agente bilatu harri, makil eta botilekin armatutako 300 pertsonengana”, salatu dute, Tubacexeko gertakariei erreferentzia eginez.
Antzeko adierazpenak egin ditu ErNE sindikatuak, eta poliziak “gerrara galtzera” bidali izana leporatu dio Segurtasun Sailari. Gauzak hala, giza baliabide eta baliabide gehiago eskatu ditu polizien erakundeak.
Estatu Espainiarreko hainbat sindikatu polizialek helarazi diete babesa Tubacexen kargatu duten ertzainei, Jusapol talde ultraeskuindarrak kasu:
Nuestro apoyo a los compañeros de la @ertzaintzaEJGV ante estas agresiones que hoy han sufrido.#EquiparacionYa https://t.co/dFCVT9u1vj
— jusapol (@jusapol) February 23, 2021
Vox alderdiak, bere aldetik, erantzunkizunak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari, ildo berean: “Norbaitek hartu beharko du ardura Laudiora ordena bermatzeko polizia agente nahikorik bidali ez izanagatik”.