Landa-eremuko liburutegia ireki du Belandiako administrazio batzarrak, Urduñako Udalaren laguntzaz. Liburulandia izendatu dute eta liburuak eta komikiak mailegatzeko ez ezik, kulturari lotutako ekintzak antolatzeko ere baliatuko dute.
Otsailaren 20an izan zen lehen jarduera Ana Apika ipuin-kontalariaren eskutik. Hitzordu horretan 20 lagun inguru batu ziren. Etorkizunean, egitarau zabala eskaini nahi dute, zehazki, hileko hirugarren asteburuan.
Administrazio Batzarrak adierazi du hainbat ekimen antolatuko dituztela: kultura ibilaldi gidatuak, zine-foruma, euskal dantzetara hurbiltzeko eta panderoa jotzeko ikastaroak edota literaturaren eta landa-munduaren esparruko tailerrak.
