Tubacexeko emakumeek eta Mugimendu Feministak mobilizazio bateratua egingo dute martxoaren 8an

Izar Mendiguren Cosgaya 2021ko mar. 1a, 11:56

Gaur goizean egin dute asanblada irekia, Laudion. / Aiaraldea.eus

Gaur goizean egin dute bilera irekia Laudioko fabrikaren aurrean emakumeek. Martxoaren 8an ekimen feministak egingo dituzte 07:00etatik aurrera Laudioko lantegian, eta 11:00etan manifestazioa deituko dute.

Tubacexeko langile emakumeek eta Mugimendu Feministak batzar irekia burutu dute gaur 9:30ean Laudioko lantegiaren aurrean. Izan ere, kaleratze arriskuan dauden 150 postu horietatik "asko" dira emakumeek betetzen dituztenak, azpimarratu dutenez. Beharginen egoera partekatu eta mobilizazio bateratua deitzea izan da topaketaren helburua. Hala, martxoaren 8rako -Emakume Langileen Nazioarteko Eguna- ekimen desberdinak proposatu dituzte. 

Martxoaren 8an 7:00etan "pikete feminista" egingo dute Laudioko lantegian, eta 11:00etan manifestazioa antolatuko dute fabrikatik herrigunera

Tubacexeko emakumeen aldeko mobilizazioak

Martxoaren 8an 07:00etan deitu dute "pikete feminista". Laudioko lantegiaren aurrean elkartuko dira eskualdeko emakumeak, eta adin guztietako andreei zein herritarrei luzatu diete ekimenetara batzeko gonbita.

11:00etan, berriz, manifestazioa egingo dute fabrikatik Laudioko plazara. Arratsaldean, ordea, herrietara bideratuko dituzte indarrak, eta tokian tokiko mobilizazioetan hartuko du protagonismoa Tubacexeko emakumeen lan-gatazkak.

Gaur goizeko bilkuran ideia desberdinak atera dira, eta datozen egunetan zehaztu eta zabalduko dituzte nondik norakoak. Era berean, orain arte jasotako babesa eskertu dute Tubacexeko emakume langileek.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide