Tubacex enpresako zuzendaritzak sarrera ordua aurreratu du piketeak ekiditeko

Aitor Aspuru Saez 2021ko mar. 2a, 09:00

Langile batzuk fabrika barrura sartu dira zuzendaritzaren eta enpresa batzordearen arteko bileraren orduan..

08:00ak aldera sartu da autobusa lantegietan greba hasi zenetik, baina gaur 06:00ak aldera bertaratu da Laudiora eta 07:10ean Amurriora. Eskualdeko hainbat enpresetako langileak zeuden deituta piketeetara, Tubos Reunidosekoak, besteak beste. Zuzendaritzak eta sindikatuek bilera dute eta langile ugari sartu dira fabrikan euren aldarrikapenak zabaltzeko, baina 11:00ak aldera bere kabuz atera dira.

Gaur 10:30ean bilera hasi dute Tubacex enpresako langile batzordeak eta zuzendaritzak negoziatzen jarraitzeko. Izan ere, hodiak ekoizten duen taldeak eskualdeko 150 langile kaleratzeko asmoari eutsi dio.

10:20ean hainbat langile sartu dira fabrikan sindikatuen ordezkariekin, kaleratzeen zein murrizketen kontrako aldarria presente egon dadin. Kanpoan ere hainbat behargin bildu dira eta Ertzaintza ere bertaratu da, baina ez da arazorik egon, langileak bere kabuz atera baitira.

Edonola ere, goiza ezusteekin hasi da, zuzendaritzako kideak eta bulegoko langileak eramaten dituen autobusa ez baita agertu lantegietan ohiko orduan. Greba hasi zenetik 08:00ak aldera sartu da eta gaur, ordea, 06:00etan bertaratu da Laudion eta 07:10ak aldera Amurrion. Modu horretan, pikete jendetsuak ekidin dituzte.

Gogoratu beharra dago pasa den asteartean istiluak egon zirela langileen protestetan eta, berez, gaur Aiaraldeko hainbat enpresa batzorde batu direla piketeetara, Tubos Reunidosekoa besteak beste. Amurrioko lantegiko ehundik gora behargin batu dira 07:45ean Eroskiko aparkalekuan, eta bertatik joan dira fabrikaren sarreraraino. 

Negoziazioen azken txanpa

Martxoa izango da, printzipioz, udan hasitako prozesu luzearen amaiera. Izan ere, martxoaren 10ean argitu behar du behingoz Tubacex taldeko zuzendaritzak zein den bere planteamendua.

Hori baino lehen, gutxienez, 3 bilera gehiago izango dituzte zuzendaritzako kideek eta langile batzordekoek; gaur, ostegunean eta hurrengo asteartean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide